Izen bereko liburuaren antzerkirako egokitzapena ikusi ahal izango da datorren ostiralean, 20:00etan hasita, Aita Mari aretoan. Mary, bere familiarekin 1830eko nekazal giroko Ingalaterrako baserri batean bizi da. Ilea esnearen kolorekoa du eta hanka batean arazo fisikoa zuela jaio zen. Baina, familiaren kondenatik ihes egitea lortzen du, bikarioaren emaztea zaintzeko neskame gisa lan egitera bidaltzen dutenean. Orduan izango du irakurtzen eta idazten ikasteko aukera. Liburuetan «marra beltz pila bat besterik ez» ikusteari utziko dio. Itzalen mundua uzten duen heinean, argiak are itsugarriagoak izan daitezkeela ohartuko da, eta horregatik, Maryri bere istorioa kontatzeko ahalmena baino ez zaio geratuko.
Udaleko Kultura Sailak emandako hiru sarrera bikoitz zozkatu ditu Baleike Gukak bere bazkideen artean. Saridunak hauek izan dira: Amets Etxeberria Etxabe, Bakarne Alberdi Salsamendi eta Iosu Alberdi Atxurra. Sarrerak aretoko leihatilan izango dituzte zain.
Sarrerak Turismo Bulegoan eros daitezke aldez aurretik edo, online, sarrerakzumaia.eus webgunean. Egunean bertan aretoko leihatilan ere izango dira salgai.