Bihar jarriko dituzte salgai ErrotaHerriaren kanpaina berriko erosketa bonoak

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 14a, 16:00

Turismo Bulegoan jarriko dira txartelak bihar salgai.

1.000 erosketa txartel jaulkiko dituzte ErrotaHerriaren udaberriko kanpainan herriko merkataritzari bultzada emateko.

Herriko merkataritzako bultzada eman nahian, udaberriko kanpaina abiatu dute Zumaiako Udalak eta Gertu herriko merkatari eta ostalarien elkarteak. Guztira, 1.000 erosketa txartel jarriko dituzte herritarren eskura. Bono hauek bihartik aurrera jarriko dira salgai Turismo Bulegoan.

ErrotaHerria programaren aurreko kanpainen funtzionamendu bera izango du honek ere: 30 euroren truke, 40 euroko balioa duten txartelak eskuratu ahal izango dira, herriko establezimenduetan gastatzeko. Deialdi honek 40.000 euroko inpaktu zuzena izango duela aurreikusten dute.

Erabiltzeko bi hilabeteko epea izango dute bezeroek, eta herritar bakoitzak bono bakarra eskuratu ahal izango duenez, egiaztatzeko, bonoa erostean NANa edo identifikazio txartel bat erakutsi beharko du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide