Nagusien Astearen barruan zenbait jarduera antolatu ditu Beheko Plaza jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak. Hala, jokoen txapelketak eta omenaldia izango dira, besteak beste, datozen egunotan.
Bi txapelketa antolatu ditu Beheko Plazak bere bazkideentzat. Maiatzaren 24an igel eta toka txapelketak egingo dira, eta hilaren 27tik 30era karta jokoena. Bi joko hauetako sariak hileko azken egunean, maiatzaren 31n emango dituzte. Jarraian, merienda emango zaie Hogarreko tabernan bertara agertuko diren nagusi guztiei.
Joko hauetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da bihartik datorren ostegunera bitartean, elkarteak Hogarrean duen bulegoan, 11:00etatik 12:00etara bitartean.
Omenaldia
Ohi bezala, omenaldiak ere izango du bere lekua Nagusien Asteko egitarauaren barruan. Aurten 90 urte bete edo beteko dituzten zumaiarrak omenduko dituzte hilaren 26an, eguerdi partean.