Ginkana feminista egingo da datorren ostiralean, maiatzaren 24an, Gazteguneak eta Zumaiako Emakumeon Etxeak elkarlanean antolatuta. 11 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintza honen helburu nagusia gazteen topagune bat sortzea da, "jolasen bidez feminismoak barnebiltzen dituen balioei buruz hausnartzeko. Hala nola, berdintasuna, inklusioa, ikusgarritasuna eta guztion zaintza".
Jarduera arratsaldez egingo da Gaztegunean bertan, 17:30ean hasita, eta Gardaberako kideek gidatuko dute.
Interesdunek Gaztegunean edo Emakumeon Etxean eman dezakete izena. Posta elektroniko bidez apuntatzeko aukera ere badago, gaztegunezumaia@gmail.com edo info@zumaiakoemakumeonetxea.eus helbideetara idatzita.