LGTBIQ+ fobiaren kontrako nazioarteko eguna da gaur, maiatzak 17, eta egun horri lotutako ekintzak antolatu dituzte hainbat gizarte mugimenduk. Aurtengoan, ordea, protesta horiek beste aldarri batekin bat egin dute: Palestinaren aldekoekin.
Urola Kostako Transmaribolloek antolatuta, atzo, ostegunez, Zumaiako Kofradian elkartu zen hainbat herritar, eta Israelen pinkwashing-a salatzeaz gain –uste dute Palestinaren aurkako gerran, Israel bere estrategiaren alde erabiltzen ari da LGTBIQ+ kolektiboa–, Palestinako queer kolektiboen idatziak irakurtzeko baliatu zuten hitzordua.
Gaur, berriz, Orion elkartuko dira, LGTBIQ+ fobiaren kontra eta Palestinarekin elkartasunez. Elkarretaratzea 19:00etan izango da plazan, eta gero, gauean, Paka Fest jaialdia izango dute Etxeluze gaztetxean. Alarma morea, DJ Txankleta eta La fulana igoko dira oholtzara.
Urola Kostako mugimendu horrek bat egin du, bestalde, larunbat eguerdian Iruñean Palestinaren alde egingo den manifestazio nazionalarekin. 12:30ean hasiko da protesta hori, Antoniuttitik.