Eskualdeko pilotariak protagonista, txapelketa egokituko finalean

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 17a, 15:00

Donostian egindako aurkezpen ekitaldiko irudia. (Hitza)

Urola Kosta eskualdeko bost pilotari heldu dira otsailean abiatu zen txapelketaren finaletara. Bihar jokatuko dituzte azken partidak, 10:30etik aurrera, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Egun handia izango dute bihar pilota egokituan aritzen diren inguruotako kirolariek. Izan ere, 10:30ean hasita, Gipuzkoako XIV. Euskal Pilota Egokituko Txapelketaren finalak jokatuko dituzte Donostian, Atano III.a pilotalekuan. Urola Kosta eskualdeko pilotariek presentzia berezia izango dute hitzordu horretan, finalera heldu diren kirolarien artean bost eskualdekoak direlako.

Guztira, 31 pilotari lehiatu dira txapelketaren hamalaugarren edizioan, bi modalitatetan banatuta: adimen urritasuna dutenak teniseko pilotarekin aritu dira; gurpil aulkian daudenak, berriz, gomazko pilotarekin. Txapelketari otsailean ekin zioten Tolosan, eta, ondoren, Hernanin, Oñatin, Azkoitian eta Seguran izan dira jardunaldiak, asteburu honetan jokatuko dituzten finalen aurretik.

Adimen urritasuna dutenen kategorian arituko dira eskualdeko pilotariak lehian. Zumaiako Kirol Elkarteko hiru lagun eta Zarauzko klubeko bi heldu dira txapelketa erabakiko duen azken fasera. Liga gorriko kategorian, Iñaki Divasson zarauztarrak eta Leire Esnal zumaiarrak Mindara klubeko Sheila Cuetoren eta Zarauzko Xabier Villarren aurka jokatuko dute. Liga urdinean, aldiz, Zumaiako Luis Zulaikak eta Mindarako Eneko Sagarmendik Zumaiako klubeko kide den Jurdain Arakistain zestoarra eta Mindarako Erik Gaton izango dituzte aurkari. Finalak 25 tantotara jokatuko dituzte.

Lehendabizikoz hartuko ditu Donostiako Atano III.ak Gipuzkoako Euskal Pilota Egokituko Txapelketaren finalak, eta horren berri emateko nahiz pilotariei merezitako aitortza egiteko, aurkezpen ekitaldia egin zuten herenegun eguerdian Donostiako udaletxeko batzar aretoan. Bertan izan ziren, finaletan arituko diren pilotariez gain, Donostiako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Gipuzkoako Pilota Federazioko eta Gipuzkoako Pilota Egokituko Federazioko ordezkariak.

Pilota modalitate guztiek garrantzia dutela azaldu zuten ekitaldian, "are gehiago pilota egokituak". Donostiako Udaleko Kirol zinegotzi Iñaki Gabarainen hitzetan, biharko finalak "abiapuntu" izatea nahi dute, eta txapelketan aritu diren pilotariek egindako bidea eta erakutsitako jarrera txalotu nahi izan zituen hark: "Zuen energiak inspiratzen gaitu", esan zuen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide