Zumaiako Udalak jakinarazi du Alde Zaharreko trafikoan aldaketak izango direla Komentuaren lanak direla medio. Izan ere, zuntz optikoa ezartzeko azpiegiturak eraikiko dituzte datozen asteetan, Komentuko saneamendu konexioa egitearekin batera.
Astelehenetik aurrera, hilak 20, eta hiru astez, ibilgailuei eragiten dieten trafiko aldaketak izango dira Arritokieta kalean. Ibilgailuentzat itxita egongo da astelehenetik ostiralera 07:30etik 20:30ak bitarte, eta bitarte horretan, gidariek San Jose kalea erabili ahal izango dute. Arritokieta kaleko bizilagunek San Juan egoitza aurretik atera ahal izango dute kalea itxita dagoen bitartean -zati horretan txandakako trafikoa ezarriko dute-. Udalak barkamenak eskatu dizkie herritarrei sortutako eragozpenengatik, eta bide batez, gogorarazi du trafiko aldaketak beharrezkoak direla Komentuko obrak behar bezala egiteko.