Larunbatean jokatu ziren Donostiako Atano III.a frontoian Gipuzkoako XIV. Euskal pilota egokituko txapelketaren finalak. Bi modalitatetan jokatu ziren finalak, gurpildun aulkian gomazko paletan batetik, eta adimen urritasuna duten pilotariena, teniseko paletan bestetik. Azken kategoria honetan Zumaiako Kirol Elkarteko hiru kide heldu ziren finalera: liga gorrian Leire Esnal, eta urdinean Jurdan Arakistain zestoarra eta Luis Zulaika. Partida ederrak ikusteko aukera izan zuten larunbat goizean Donostiako frontoira gerturatu ziren pilotazaleek.
Lehen norgehiagokan, liga gorriko finalean, Iñaki Divasson zarauztarrak eta Leire Esnal zumaiarrak Sheila Cueto eta Xabier Villar bikotearen aurka aritu ziren. Esnalek ez du hutsik egin eta txapela etxera ekarri du. Bere ibilbidean lortzen duen laugarren txapela du Leire Esnalek. Final handiek ez dute kikiltzen eta partida hasieran urduri samar aritu zen arren, azkar eman zion buelta Divassonen laguntzarekin.
Esnal izan zen partidaren zama eraman zuen pilotaria eta Divassonen laguntzaz ederki eutsi zion Villar zarauztarraren pilotakadei. Pazientzia handiz aritu zen eta jokoa irakurtzen ere jakin zuen. Hutsegite gutxiko partidan, kantxaren aurrealdean tantoak bukatzen ere aritu zen zumaiarra. Ia partida osoan joan ziren zumaiarra eta zarauztarra aurretik eta distantzia ongi kudeatzen jakin zuen bikote gorriak. Bukaerako emaitza 25-18koa izan da.
Hirugarren partidan –bien artean gurpildun aulkiko finala jokatu zen– Zumaiako Pilota Elkarteko Luis Zulaika eta Jurdan Arakistain elkarren aurka aritu ziren, lehenengoa Eneko Sagarmendi lagun zuela eta bigarrenak Erik Gaton. Partidaren lehen erdia oso parekatua izan zen, 14-12 tantotara heldu ziren arte. Arakistainek oso hutsegite gutxi egin zituen atzealdean partida osoan zehar eta Sagarmendik aurrean arriskatu behar izan zuen. Arriskatu eta lortu, izan ere, bera izan zen partida honetako izarra. Oso akats gutxirekin tanto asko egin zituen Errenteriako pilotariak. Gatonek asko arriskatu zuen; lehen zatian tanto asko egin zituen, baina bigarrenean ez zitzaizkion gauzak nahi bezala atera eta 11 eta 2ko partziala egin zuten; 25-14 emaitzarekin bukatu zen partida.
Aipamen berezia merezi du Luis Zulaika pilotariak. Adinak giharrak gogortzen dizkigun arren, berea izan zen goizeko tantorik ederrena; Gatonen bi pareta bat harrapatzeko lurrera salto egin zuen Zulaikak eta txapa gainean moztuz egin zuen tantoa. Aulkietatik jaiki zen ikuslegoak txalo zaparrada ederra eskaini zion.