Kursaaleko 'Errauskine' balleta ikusteko autobusa izango da Zumaiatik

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 22a, 08:00

Les Ballets de Monte-Carlo konpainiak Errauskine balleta dantzatuko du maiatzaren 29an, asteazkena, Donostiako Kursaalen. Kursaal Eszena programak autobusa jarriko du zaletuen joan-etorrirako.

Montecarloko Balleten koreografoa eta zuzendaria den Jean-Christophe Maillotek Perraulten ipuin ezaguna berreskuratu du eta, bere usadiozko gozotasuna kenduz, ikuspegi hunkigarria eskainiko du, desagertzen diren pertsonek geratzen direnen etorkizuna nola eraikitzen duen aztertuz.

Errauskine balleta hurrengo asteazkenean, hilaren 29an, erakutsiko dute Donostiako Kursaalen. 19:30ean hasiko da emanaldia, eta aurreko beste hitzordu batzuetan gertatu bezala, Kursaal Eszena egitasmoak doako autobusak jarriko ditu lurraldeko zaletuak hiriburua eramateko eta emanaldiaren amaieran etxera bueltatzeko.

Zerbitzu hau erabili nahiko duten zaletuek aurrez izena eman beharko dute 943-86 10 56 telefono zenbakira deituta, edo alondegia@zumaia.eus helbidera idatzita. Izena emateko azken eguna datorren ostirala, maiatzak 24, izango da. Ikuskizunerako sarrerak, baina, norberak erosi beharko ditu www.kursaal.eus helbidean.

Busa 18:10ean abiatuko du Txomin Agirre kaiko autobus geltokitik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide