58 urte zituela zendu zen atzo Koldo Landaluze. Bilboko Santutxu auzoan jaioa, hamarkadak zeramatzan Zumaian bizitzen eta bertan zuen bizitza eginda. Zine kritikaria izan da urte askoan Egin irratian eta Egin egunkarian lehenbizi, Gara egunkarian azken urteotan. Zinemagintzari lotutako pertsona, urtero izaten zen Donostiako Zinemaldian bertan erakusten zituzten pelikulen inguruan idazten. Kazetaritza lanak ere egin izan zituen santutxutarrak.
Kultur arlo gehiago ere landu izan zituen Koldo Landaluzek. 1990eko hamarkadaren amaieran Taosa liburu-denda zabaldu zuen Erribera kalean. Literaturarekin harreman estua izan zuen. Hala, lau libururen egilea da: Días de barrena (2007), Crónica de piratas: Corsarios y filibusteros (2008), Las hogueras del reino (2009) eta Los perros del rey (2015). Zirriborroak, kontatu behar ez nituenak (2023) liburuko ipuinei marrazkiak ere jarri zizkion.
Komikigilea ere bazen Landaluze eta bere marrazkiekin kolaboratu izan zuen Baleike aldizkarian garai batean. Kalea Guztiona Da kolektiboko kidea ere izan zen, eta duela urte batzuk astero izaten zen horma irudiak margotzen Erribera kalean. Margotutako azken murala gaur egun ikus daiteke Zumaiako erdiguneko kale honetan. Beste herri mugimendu batzuekin ere kolaboratu izan du denboran, eta berak margotutako horma irudiek janzten dituzte herriko txoko batzuk, Torreberriko aterpea edo Ardantzabidekoa, esaterako.