Europako Geoparkeen Asteko bi jarduera egingo dira asteburuan Zumaian

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 23a, 13:03

Itzurunen egingo da Biotop irteera.

Europako Geoparkeen Astearen egitarauaren barruan, larunbatean Deba eta Zumaia arteko trekkinga egingo dute, eta igandean Itzurungo flora ezagutzeko bisita.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta, bi jarduera egingo dira asteburuan Zumaian. Ekintza hauek Europako Geoparkeen Astearen bueltan abian jarritako programazioaren barruan sartzen dira.

Hala, larunbatean, hilaren 25an, Deba eta Zumaia arteko trekkinga egingo dute. Sortu berri duten Geoparkeko Bira ibilbidearen hiru etapetatik lehena da hau, eta, zapatu honetako kasuan, goizeko 8:45ean aterako da Debako kirol portu paretik. Zumaiara bidean Lastur eta Itziarretik igaroko dira ibiltariak. Etapak 19,7 kilometro ditu, eta zazpi ordu inguruan egiteko modukoa dela diote antolatzaileek. Debara itsasontziz bueltatzeko aukera izango da: 39 lagunentzako tokia egongo da, eta interesdunek aurrez izena eman beharko dute Debako turismo bulegoan (943-19 24 52) edo labur.eus/bira loturan.

Igandean, berriz, Itzurungo aberastasunak ezagutzeko bisita gidatua egingo da. Biotop irteera hau Aranzadi zientzia elkarteko Anais Mitxelena adituak eta Geoparkeko biologo Gonzalo Torrek gidatuko dute, eta itsaslabarreko flora ezagutzeko eta ingurune aldakor batera egokitzeko izaki bizidunek erabiltzen dituzten estrategiez jabetzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Goiz osoko irteera izango da, eta Amaiako plazatik abiatuko dira Itzurunera, 10:00etan. Interesunek aurrez erreserba egin beharko dute labur.eus/biotop2024 loturan edo Zumaiako turismo bulegora (943-14 33 96) deituta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide