Elkarrekin piztu, ikasi eta eraikitakoa ospatzeko eguna

Maria Maya Manterola 2024ko mai. 24a, 09:27

Raixta Eguna edo Emakumeon Etxeko uda aurreko festa izango da ekainaren 8an Zumaian. Ikasturtean zehar egindako jarduerak ikusarazteko eguna izango da.

Hirugarren urtez jarraian, uda sasoia iritsi baino lehen, ikasturtean zehar Zumaiako Emakumeon Etxean sortutakoa, piztutakoa, eraikitakoa eta ikasitakoa ospatuko dute aurtengoan ere. Ekainaren 8an egingo dute festa hori, Raixta Eguna deitu diotena, eta goizean goizetik hasi eta iluntzera bitartean, jarduera ugari izango da herrian. Urtean zehar Emakumeon Etxearen bueltan egindako jarduerak ikusarazi nahi dituzte, alde batetik; eta tokiko sortzaileen lanari balioa eman, bestetik, sortzaileen azokaren bidez.

Bada zer ospatua Emakumeon Etxeko dinamizatzaileen hitzetan, izan ere, 150 pertsona baino gehiagok eman dute izena ikasturtean zehar egin dituzten hamabi Jabetze Eskoletan. Eta ikastaro horietan bakarrik ez, hitzaldi, bakarrizketa, liburu aurkezpen eta bestelakoetan ere jende asko batu dela esan dute. Elkarguneak ere arrakastatsuak izan dira, azaldu dutenez: korrika egiteko, mendira joateko, paletan ibiltzeko zein futbolean jokatzeko elkarguneetan hainbat lagun elkartu dira, esaterako. 

Raixta Egunean bertan eta aurreko prestaketetan ere herritar andana bilduko da antolaketan, eta boluntario guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete aldez aurretik antolatzaileek.

Etxetik herrira

Egun osoan zehar askotariko ekintzak izango dira, baina bada berrikuntzarik aurtengo edizioan. Izan ere, Martxoaren 8aren plazan sortzaileen erakusleihoa ezartzeaz gain, herriko beste txoko batzuetara ere zabalduko dituzte jarduerak. Goizean kirol jarduerak izango dira Odieta frontoian, eta iluntze partean, musika emanaldia eskainiko du Esther Sound Sisterrek Kofradian. 

Tartean, askotariko ekintzak izango dira: sendabelarrak biltzeko txangoa, emakume sahararrekin tertulia, trikitilariak, Zumaiako musikarien emanaldiak, Uxue Alberdi eta Nerea Ibarzabalekin bertso bazkaria eta batukada, esaterako. Bestalde, azokan hamasei sortzaileren lanak ikusi ahal izango dira, eta bitartean, tatuaje txikiak egiteko aukera izango da Emakumeon Etxean, goizean zehar.

«Proiektua herrira zabaldu» nahi dute, azken finean, Raixta Egunean. Ikasturtean zehar Emakumeon Etxearen bueltan elkartutakoak egun horretan elkartzea ere nahi dute, ikasitakoa eta eraikitakoa elkarrekin ospatzeko. Eta, nola ez, etxea ezagutzen ez dutenak ere gonbidatu dituzte gerturatzera.

Egitaraua
  • Goizean zehar tatuajeak Irene Hernandezen eskutik
  • 10:00 Futbol eta pala partidak Odieta frontoian
  • 10:00ean Sendabelarrak biltzeko txangoa
  • 10:30ean Emakume sahararrekin tertulia, henna, tea…
  • 11:00etatik 15:00etara sortzaileen postuak Martxoak 8 plazan.
  • 11:00etan trikitilariak
  • 13:30ean oholtza txikia (Zumaiako emakume musikari ezberdinek kontzertu laburrak eskainiko dituzte).
  • 15:00etan bertso bazkaria Uxue Alberdi eta Nerea Ibarzabalekin
  • 17:30ean batukada kalejira herrian zehar.
  • 19:30 Esther Sound Sister Kofradian

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide