Udalak aldaketak egingo ditu Estazio auzoko bide zirkulazioan. Aldaketa horiek "bide-zirkulazioa optimizatzeko eta herritarren segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko ahaleginean" egingo direla azaldu du ohar baten bidez, eta erabaki horiek "auzotarren eskaerei erantzunez eta haiekin adostutako eran" hartu direla ere jakinarazi du. Dena ondo bidean, eta eguraldia lagun bada, hastear den aste honetan ezarriko dira nurriak.
Hala, bi aldaketa nagusi izango direla iragarri du udalak. Batetik, Alaitik Estaziora doan bidea, saihesbide azpitik igarotzen dena, bi noranzko bidea bihurtuko da. Izan ere, Estaziorako sartu-irtenak bide horretatik egingo dira aurrerantzean. Horrek aparkaleku kopuru bat kentzea ekarriko du, "zirkulazioa arinagoa eta seguruagoa izan dadin". Edonola ere, udalak iragarri du etxebizitzen aurreko aparkalekuak ez dituztela kenduko.
Bestetik, tren geltokiaren aurretik jaisten zen aldapa itxi egingo dute trafikorako. Orain arte, bertatik heldu zitekeen autoz Estazio auzora. Hemendik aurrera oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea bihurtuko da, eta poste batzuk jarriko dituzte autoak sar ez daitezen.
Udalak nabarmendu du lanketa hauek "Zumaiako mugikortasunari buruzko ikuspegi orokor baten barruan" kokatzen direla, eta Estazioko urbanizazioaren egokitzapen lanekin jarraituko dutela aurrerantzean ere.