Zumaiako korrikalariek ere parte hartu dute Zegama-Aizkorri mendi maratoian

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 27a, 10:12

XXIII. Zegama-Aizkorri mendi maratoia jokatu zuten igande goizean. 535 parte hartzaile izan zituen probak, eta horietatik bost Zumaiako bizilagunak izan ziren. 

Kirol denboraldiko proba esanguratsuenetakoa jokatu zen atzo goizez, Zegama-Aizkorri mendi maratoia, hain zuzen. 42 kilometro eta 195 metroko bidea egin behar izan zuten korrikalariek Aizkorri mendizerraren bi isurietan zehar. Desnibel metatua 5.472 metrokoa izan zuten. 

Goizeko 9:00etan abiatu zen taldea Zegamatik, eta aurreikusita zegoen bezala, gizonetan irabazlea Kilian Jornet izan zen. Hamaikagarrenez irabazi du kataluniarrak lasterketa hau. Emakumeetan Sylvia Nodskar izan zen irabazlea. 

Zumaiako korrikalariak ere izan ziren parte hartzaileen artean. Hala, gizonetan azkarrena Igon Manzisidor izan zen 4:39:06 denborarekin; 93. postuan heldu zen helmugara, eta hamahirugarren beteranoen mailan. Beteranoetan baita ere, Mikel Etxeberria 22. postuan sailkatu zen, 117. sailkapen orokorrean, 4:46:59 denborarekin. Seniorretan, berriz, Jokin Gijarro 127.a izan zen 4:50:10 denborarekin.

Emakumeetan, Garazi Artola izan zen Zumaiako bizilagunen artean lehena: 40.a izan zen sailkapenean, 5:40:38 denborarekin. Ainhoa Caporossi, berriz, 44. postuan heldu zen helmuga puntura, 5:54:50 denbora eginda.

Argazkiak: Maria Maya Manterola.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide