Geopakeen Astea ospatu dute azken egunotan Europa mailan, eta sareko partaide den Euskal Kostaldeko Geoparkea ere ospakizunaren partaide izan da. Hala, ekintza eta jarduera desberdinak antolatu ditu erakundea osatzen duten hiru herrietan, Deban, Mutrikun eta Zumaian.
Pasa berri den asteburuan bi jarduera izan dira Zumaian. Larunbatean, Geoparkeko Bira aurkeztu zuten, eta horren barruan egingo diren hiru etapetatik lehena egin zuten. Birak, guztira, 54 kilometroko luzera du, eta zapatuan Deba eta Zumaia arteko etapa egin zuten. 19,7 kilometroko ibilbidea bete zuten parte hartzaileek, eta Lastur eta Itziartik igaro ziren Zumaiara heltzeko. Debarako buelta, aldiz, itsasontziz egin zuten.
Igandean, berriz, Biotop jardunaldia egin zuten Zumaian. Amaiako plazatik abiatuta, Itzurun ingurura joan ziren, eta Aranzadiko eta Geoparke bertako adituei esker, bertako flora ezagutzeko aukera izan zuten jardueran parte hartu zuten 25 lagunek.
Argazkiak: Euskal Kostaldeko Geoparkea.