Bizikleta irteerak, erakustaldiak eta lasterketak izango dira larunbaterako Zumaian antolatu duten Bizikleta egunean. Goizean hasi eta arratsaldera arte luzatuko dira txirringen inguruan antolatutako ekintzak. Eusebio Gurrutxaga plazan egingo dira ekitaldi gehienak.
Goizean bi irteera egingo dituzte. Batetik, 12 urtetik gorako gazteak eta helduak Elorriaga (Itziar) aldera joango dira. Ordu erdi geroago, 10:00etan, haurren bizikleta irteera egingo dute. Bi jarduera hauek mendiko bizikletarekin egingo dituzte eta beharrezkoa izango da kaskoa eramatea.
11:00etan, Dirt bizikleta zirkuitua eta ginkana izango da plazan haur eta gazteentzat. Ordu berean, plazan baita ere, Bikingo bizikletak probatzeko aukera izango dute bertaratuko direnek. Eguerdiko 12:00etan, berriz, mokadutxoa emango zaie parte hartzaile guztientzako, eta jarraian, 12:30ean, trial ikuskizuna izango da Julen Saenz Eskolako kideen eskutik. Triala probatzeko aukera ere izango dute plazara hurreratuko direnek.
14:30ean egingo den bazkariaren ondoren, 16:30ean kimu eta infantil mailako txirrindularien lasterketa egingo da, eta haren amaieran, 17:30ean, sari banaketa.