Bilboko Club Deportivo frontoian jokatzen ari diren Jai Alai Iron Cup zesta punta txapelketako bigarren finalerdia jokatuko dute gaur arratsaldez, 18:00etatik aurrera. Bi partidaz osatuko da gaurko jaialdia, emakumeen eta gizonen partida banaz, alegia.
Bi finalerdiz eta finalaz osatu dute emakumeen txapelketa. Pasa den ostiralean, hilaren 24an jokatu zuten lehen finalaurrekoa, eta gaur jokatuko dute bigarrena. Zumaiar bat izango da Bilboko frontoi historikoan kantxaratuko diren lau puntisten artean: Frida Watkins. Markina-Xemeingo Erika Mugartegirekin osatu du zumaiarrak bikotea txapelketa honetan. Ondo ezagutzen duen aurrelari bat izango du aurkari Watkinsek: duela urte gutxira arte Zumaiako Kirol Elkartean aritzen zen Maite Ortiz de Mendibil. Gasteiztarrak Arai Lejardirekin osatu du bikotea.
Irabazleek Elaia Gogenola eta Ihart Arakistain izango dituzte zain. Hauek bi jokotan irabazi zieten lehen finalerdian Helena Barrenetxeari eta Maialen Aldazabali duela astebete jokatutako lehen finalerdian.
Jarraian, gizonen txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute: Urrutia eta Del Rio, Laduche eta Manciren aurka arituko dira.
Bi txapelketako finalak datorren ostiralean, hilaren 7an jokatuko dira.
Gaurko jaialdirako sarrerak salgai daude www.eramanjaialai.com webgunean.