Piraguak alokatzeko aukera eskainiko du Itxas Gainek uda sasoian

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 1a, 09:00

Uztailean eta abuztuan emango dituzte piaguismoko ikastaroak Zumaian. (Itxas Gain)

Zumaiako piraguismo klubak kirol hori ezagutu eta praktikatzeko ikastaroak ere emango ditu uztailean eta abuztuan.

Uda sasoian Urolan gora eta behera piraguan ibiltzeko aukera eskainiko du aurten ere Itxas Gain kirol elkarteak. Izan ere, ontziak alokatzeko aukera izango dute interesdunek ekainetik abuztura bitartean. Klubak azaldu duenez, egunero egongo da piraguak alokatzeko aukera, 9:00etatik 19:00etara bitartean.

Prezioa haurrentzako 10 euro izango da orduko eta helduen kasuan 15 euro orduko. Alokatzeko nahikoa izango da aipatutako orduetan klubak Itsas kiroldegian duen bulegora hurreratzea.

Ikastaroak

Uztailean eta abuztuan piraguan ibiltzeko ikastaroak eskainiko ditu Zumaiako kirol klub honek. Lau txandatan emango dituzte ikastaroak: uztailaren 1etik 12ra eta 15etik 26ra, eta abuztuaren 5etik 16ra eta 19tik 30era.

Egunero honako ordutegian emango dira ikastaroak haurrentzako: 9:00etatik 10:00etara, 10:00etatik 11:00etara, 11:00etatik 12:00etara eta 12:00etatik 13:00etara. Helduentzako saioak ere izango dira, arratsaldez: 18:00etatik 19:30era.

Prezioa 60 euro izango da hamabostaldiko haurren kasuan eta 80 euro helduentzako. 

Izenak Itxas Gainen bulegoan eman daitezke edo itxasgainuda@gmail.com helbidera idatzita.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide