Osasun zentroan bizi duten egoerarentzat soluzioa eskatzeko mozioa onartu du udalbatzarrak

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 31a, 11:00

Herritarrek pleno aretoa bete zuten maiatzeko udalbatzarrean. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako anbulatorioko langileek aurkeztutako proposamena aztertu zuten atzo egindako udalbatzarrean. Osasun zentroan azken asteotan bizi duten egoerari soluzioa aurkitzea eskatu dute, besteak beste. Mozioa aho batez onartu zuten.

Zumaiako anbulatorioan bizi duten egoera larria jakin da aste honetan. Bi sendagile besterik ez daude lanean seik egon behar zutenean, eta eguneko ordu batzuetan medikurik ez dago sor daitezkeen larrialdiei erantzuteko. Zumaiari bakarrik ez, Getariari, Aizarnazabali eta Zestoari ere eragiten dio osasun zentroak pairatzen duen langile gabeziak. Horren aurrean, anbulatorioko langile talde bat Zumaiako Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztietako ordezkariekin bildu zen astelehenean, osasun zentroan zer gertatzen ari den jakin zezaten. Horrekin batera, maiatzeko ohiko udalbatzarrean gaiaren inguruko mozio bat aurkeztea ere eskatu zuten. Ordezkari politikoek jaramon egin zieten anbulatorioko langileei, eta atzo arratsaldez egindako udalbatzarrean aztertu zuten proposamena. 

Azken urteetan eta, bereziki, azken egunotan Zumaiako osasun zentroan pairatzen ari diren arazoak laburbiltzen ditu proposamenak. Dokumentuan jasotzen denez, Zumaiako mediku bakoitzak 1.700 pazienteko kupoa du, “batez bestekoa baino dezente handiagoa”. Horrez gain, langileek azaldu dutenez, “ospitaletik urrutien dagoen unitatea da gurea, eta Zarauzko unitatea kexatu egiten da gure herritarrak hara bideratzen baditugu, eta ospitaleko triajeak ez du aintzat hartzen lehen arretako egoera. Hori gutxi ez, eta hamabost egun barru udan sartuko gara, populazioa handitu egingo da, beraz, eta horrek presio asistentziala handitzea ekarriko du”. 

Anbulatorioko langileek aurkeztutako mozioan salatzen dutenez, gaur egun familiako bi sendagile besterik ez daude Zumaian, seik egon behar zutenean. “Lau plaza hutsik daude; hau da, ez dute medikurik esleituta. Uda sasoi honetan langileoi aholkua ematen digute oporrak hartzeko; horregatik, gerta daiteke uneren batean mediku bat bera ere ez egotea udalerrian”. 

Gogoratzen dute osasun zentroko lagunek Osakidetza “zerbitzu publikoa dela, eta hala izanik, geure lana herritar guztiei zuzendutakoa dela. Ezin da onartu pertsonal saileko politika batzuen ondorioz gure herritarrak bigarren mailako bihurtzea. Osasunera iristeko eskubidea unibertsala da guztiontzat”. 

Proposamenak hiru puntu jasotzen ditu. Batetik, mediku faltaren aurrean herritarrak mobilizatzea, “denontzat osasun laguntza berdina bermatzeko”. Kexa hau Osakidetzara helaraztea ere eskatzen du, “Kontingentzia Planeko 1. artikulua aktiba dezan”; eta, azkenik, Eusko Legebiltzarrari jakinaraztea “behar-beharrezkoa dela langileen kontratazioa kudeatzeko araudia aldatzea, Osakidetzaren barruko osasun zentro guztiek mediku estaldura antzekoa izan dezaten, mediku defizit hori zentro guztiek beren gain hartuta”. 

Aretoa beteta 

Mobilizatzeko deiak erantzuna izan zuen mozioa aztertu aurretik ere. Izan ere, herritar ugari bertaratu zen atzo udaletxera udalbatzarra jarraitzera. Pleno aretoa txiki geratu zen eta gerturatutako herritar batzuek korridoretatik jarraitu zuten han esaten ari zirena. 

Behin proposamena irakurrita, alderdietako bozeramaileen txanda izan zen. Alderdi Sozialistako zinegotzi Duñike Agirrezabalagak eskerrak eman zizkien egoeraren berri eman duten anbulatorioko langileei, baita udalbatzarrera langile horiei babesa ematera bertaratutako herritarrei ere. “Azken finean, Zumaiako erabiltzaile guztiek osasun publikoa izateko duten eskubide unibertsala defendatzen ari dira”. Gaineratu zuen argi dagoela Osakidetza berraztertu behar dela lehenbailehen, “EAEko herri eta eskualdeen artean gertatzen ari diren desberdintasun hain handiak ez onartzeko”, eta esan zuen horrek izan behar duela Eusko Jaurlaritza berriaren erronketako bat. 

Eusko Alderdi Jeltzaleko bozeramaile Ainhoa Illarramendik bere alderdiaren kezka azaldu zuen “ezustekoan gertatu den egoerarekiko”. Behin Zumaiako osasun zentroaren egoera jakinda, astelehenean bertan, Donostialdeko ESIko zuzendari Agustin Agirrerekin hitz egin zutela ere gaineratu zuen. "Azaldu zigunez, gertatutakoa hau izan da: Osakidetzak, gaur egun lehen arretan dagoen arazo orokorrari aurre egite aldera, plaza berri batzuk atera ditu; horien artean Zarauzko osasun zentroko plaza batzuk.  Ez zuten inondik inora pentsatu Zarauzko osasun zentroko bi plazak Zumaiako osasun zentroko bi medikuk eskatuko zituztela eta hala gertatu da. Horrek Zumaiako zentroan eragin zuzena izan du eta egun batetik bestera Zumaia egoera txarrean geratu zen, plaza berrien eskaera ostiralean egin baitzen eta astelehenean bertan plaza aldaketa eman zen”. Zuzendariak EAJkoei azaldu zienez, Osakidetzako langileek eskubidea dute plaza berriak ateratzen direnean edo plazaren bat hutsik geratzen denean lekualdatzea eskatzeko eta plaza hori berehalakoan betetzeko. "Beraz, zuzendaritzak ezer gutxi egin zezakeen momentu hartan gertatu zen egoera saihesteko”. Mozioaren aldeko botoa iragarri zuen Illarramendik, eta egoera ahalik eta epe laburrenean hobetzea espero zuela adierazi zuen. “Hala ere, ziur gaude gizartea eta egoera aldatu egin direnez, Osakidetzak konponbide estrukturalei ekin behar diela, horien artean egoera hau sortu duen plaza berrien deialdia eta koberturen modeloa izanik". 

Iñaki Ostolaza alkateak hitza hartu zuen eta nabarmendu zuen Zumaiako anbulatorioan gertatutakoa ez dela "oraingo gaia". "Osakidetzan gertatzen dena ez da koiunturala, eta egiturazko aldaketak behar ditu". Horren aurrean, gobernu berriak pausoak eman beharko dituela ere esan zuen alkateak. “Gobernuak zerbitzu publiko onak, egokiak, eskaini behar ditu. Hau ez da egun batetik bestera gertatu den zerbait, aspalditik dator. Guk hemendik gai honetan ardura dutenei ardura izatea eskatzen diegu”, esan zuen. 

Mozioa zinegotzi guztien aldeko botoekin onartu zuten. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide