'Dardarak' liburua aurkeztu dute Emakumeon Etxean

Mireia Galarza Bastida 2024ko mai. 31a, 13:00

20 bat lagunen aurrean kontatu zituzten Katalinaren eta Maritxuren istorioa biltzen duen liburuaren nondik norakoak, eta bertan izan ziren liburua ondu duten hiru sortzaileak: Joana Aurrekoetxea, Karmele Mitxelena eta Irene Irureta zumaiarra.

Beste hainbat herritan izan eta gero, Dardarak liburua aurkeztu zuten atzo Zumaiako Emakumeon Etxean. 20 bat lagunen aurrean kontatu zituzten Katalinaren eta Maritxuren istorioa biltzen duen liburuaren nondik norakoak, eta bertan izan ziren liburua ondu duten hiru sortzaileak: Joana Aurrekoetxea, Karmele Mitxelena eta Irene Irureta zumaiarra.

Mitxelenak eta Aurrekoetxeak bildu eta idatzi dute benetako bi emakumeren istorioa hizpide duen kontakizuna, eta Iruretak egin ditu bertako ilustrazioak. 1500. urte inguruan bizi izandako bi emakume izan ziren Katalina eta Maritxu, eta lehenengoa epaitua izan zen Maritxurekin harremanak izateagatik. "Aitortza moduan", haien inguruko istorio fikzionatu bat sortu dute hiru sortzaileek. 

"Dardarei" eman nahi izan diete garrantzia kontakizunean, etxegabetze bat kontatzen baitu istorioak. "Etxegabetze baten aurrean, etengabe daude dardara txikiak, sirenen zaratak, adibidez, eta istorioan zehar areagotu egiten dira horiek", gehitu zuen Mitxelenak. Zaintzan oinarritutako harreman baten erakusle ere bada Dardarak, baina "maitasun erromantikotik" ihes egiten saiatu dira hori kontatzerako orduan.

Aurkezpena amaitu berritan, saltzen jarri zituzten hainbat liburu, eta arrakasta handia izan zuen, eramandako denak saldu baitzituzten. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide