Zumaiako adineko emakume baten zaintzailearen kontrako epaiketa hasi dute gaur, Donostian, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian.
Epaituko duten gertakaria 2020 azaroan gertatu zen. Biktima, mendekotasun larria zuen 91 urteko emakumea, istripuz hil zela pentsatu zuten, Zumaiako bere etxean, baina behin autopsia egin ondoren emakumea itota hil zela ondorioztatu zuten. Akusatua, adineko emakumearen zaintzailea, hildakoaren etxean zegoen larrialdi-zerbitzuak iritsi zirenean.
Fiskaltzak 22 urteko espetxe-zigorra eskatuko du. Hildakoaren familia, aldiz, ez da akusazio partikular gisa aurkeztu auzian. Epaiketa ekainaren 10era arte luzatuko dela adierazi dute.