Adarrak ateratako hotsak nahiz zintzarrien erritmo jarraiak Zumaiako kaleak bete dituzte gaurkoan; izan ere, Euskal Herriko joaldunen festa ospatzen ari dira dozenaka eta dozenaka lagun. Aitzuri pilotalekuan elkartu dira goizean, eta hamaiketakoarekin indarrak hartu bitartean jarri dituzte soinean ttuntturroak, joareak eta ardi larrua. Bertatik irten eta zubi gorri aldera joan dira, ondoren Gernika parketik barrena, Moilaberriko zubia pasa eta kale aldera iristeko.
Erribera kalean, Kofradia parean, egin dute lehen geldialdia 123 joaldunek, eta hori baliatu dute omenaldi txiki bat egiteko. Hain zuzen ere, Inpernupeko joareek Joxe Aizpurua omendu dute, orain dela hamar urte inguru taldea sortzeko egindako "motor lan guztiagatik". Jarraian, Jon Maiak bertso batzuk ere abestu ditu.
Festa ez da amaitu goizean. Zehazki, kalejira egin ostean, plaza dantzak egin dituzte eta bazkaltzera ere joan dira segidan, Andoni Ollokiegik girotuta. 18:00etan Hamarru elektrotxarangaren txanda izango da, eta Zumaiako kaleak girotuko dituzte.
(Argazkiak: Jabi Gonzalez Toston, Sara Utrera eta Mireia Galarza Bastida)