Bilbon jokatzen ari diren Iron Cup zesta punta txapelketako finalera pasatu da Frida Watkins puntista gaztea. Erika Mugartegi aurrelariarekin osatu du zumaiarrak bikotea txapelketa honetan, eta pasa den ostiralean Bilboko Club Deportivo frontoian jokatutako finalerdia bi jokotan irabazi zuten.
Aurrez aurre, Maite Ortiz de Mendibil –duela gutxira arte Zumaiako klubeko kide izan zen pilotari gasteiztarra– eta Arai Lejardi izan zituzten. Lehen jokoa berdindua eta lehiatua izan zen, eta azken tantora arte egon behar izan zen zain irabazlearen izena jakiteko. Mugartegiren pilotakada batek erabaki zuen jokoa marroiz aritu zen bikotearen alde (15-14). Bigarren jokoan jaun eta jabe izan ziren Markina-Xemeingo eta Zumaiako pilotariak. Ez zuten aurkaririk izan eta 15-4 emaitzarekin irabazi zuten.
Finala datorren ostiralean jokatuko dute, hilaren 7an, Bilboko Club Deportivon. Mugartegi eta Watkins Elaia Gogenola eta Ihart Arakistainen aurka arituko dira Bilboko txapela eskuratzeko lehian.
Donostiako finaletik at
Larunbatean, berriz, Donostia Grand Slam 2024 txapelketako finalerdiak jokatu zituzten Balda pilotalekuan. Puntista dantza izan zen honakoan, eta Helena Barrenetxearekin osatu zuen bikoa Watkinsek. Aurrean, Bilbon bikotekide duen Erika Mugartegi eta Oaia izan zituzte aurkari. Partida hiru jokotan erabaki zen azken hauen alde: 15-8, 11-15 5-4.