Bi domina lortu ditu Irati Osak Munduko piraguismo kopan

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 3a, 14:00

Irati Osa, asteburuan lortutako domina batekin. (Utzitakoa)

Brandenburgon (Alemania) jokatu da pasa berri den asteburuan piraguismoko Munduko Kopa, eta Irati Osa piraguista zumaiarra bi domina lortuta itzuli da etxera.

Alemaniako Brandenburgon jokatu da pasa den asteburuan Munduko piraguismo kopa, maratoi modalitatean. Irati Osa palista zumaiarrak Espainiako selekzioarekin hartu du parte lehiaketa honetan.

Maratoi motzeko finalerdia jokatu zuten larunbat goizean, eta laugarren denbora onenarekin bukatu zuen Osak. Lehen laurak esprintean iritzi ziren, eta segundo bateko aldea besterik ez zion atera irabazleak zumaiarrari. Behin finalean, bigarren eta hirugarren postuen borrokan zebilela, haize bolada baten uretara bidali zuen, aukera guztiak galduz.

Arretsaldean, erreleboetako txapelketa jokatu zuten. Osak partaide izan zituen bere taldean Aimar Amundarain, eta Hungariako eta Alemaniako piraguista bana. Bakoitzak buelta bana eman behar zioten zirkuituari, taldekideei lekukoa eman aurretik. Lan ederra egin zuen laukoak, eta zilarrezko domina eskuratu zuten, irabazleengandik bost segundo eskasera heldu ondoren.

Igandean, berriz, maratoi luzea jokatu zuten, sei porteo edo eramaterekin.. Maila handiko txapelketa zen, aurreko urtean munduko txapeldun geratu zirenak atera baitziren. Iratik hasieratik burua hartu zuen bi hungarierrekin batera eta brontzezko domina erdietsi zuen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide