Bainu egokituko zerbitzua zabalagoa izango da aurten Getarian

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 5a, 10:30

Bainu egokituaren erabiltzaile batzuk, Malkorbe hondartzan.

"Gipuzkoan desgaitasuna, mugikortasun urria edo mendekotasuna duten pertsona guztientzat" zabalik egongo da zerbitzua ekainaren 15etik irailaren 15era, eta aldundiak hainbat berrikuntza egingo ditu Malkorbe hondartzako instalazioetan.

Hondartzak Denontzat bainu egokitu eta lagunduaren udako programa aurkeztu zuten herenegun Donostian Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatuak eta Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatuak, eta haiekin batera izan ziren aurkezpenean Felix Zubia Gipuzkoako Gurutze Gorriko lehendakariorde zarauztarra eta Alicia Figueroa Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioko zuzendari tekniko oriotarra.

"Aurreko urteetan baino aukera zabalagoa" eskainiko diete aurten desgaitasuna, mugikortasun urria eta mendekotasuna duten Gipuzkoako adin guztietako pertsonei, atzo azpimarratu zutenez. "Gipuzkoan desgaitasuna, mugikortasun urria edo mendekotasuna duten pertsona guztientzat irekita dago", adierazi zuen Maite Peñak.

"Duela zortzi urte baino gehiagotik Getariako Malkorbe hondartzan eskaintzen den zerbitzua berritu egin dugu, eta, aurten, 200.000 euro inguruko inbertsioa egin ondoren, eta Gurutze Gorriarekin hitzarmen berria eginda, mendekotasuna eta desgaitasuna duten Gipuzkoako pertsona guztiengana iritsi nahi da programa honen bidez".

Peñak esan zuen Getariako Malkorbe hondartza dela programa hori gauzatzeko lekurik "egokiena", ez duelako olatu askorik, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkalekua duelako eta zerbitzu onak eskaintzen dituelako. Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin batera Gipuzkoako hondartza guztiak aztertu dituzte, eta ondorio horretara iritsi dira. Gainera, Peñak "konpromisoa" hartu zuen "uda honetako Getariako esperientzia ebaluatzeko eta programa Gipuzkoako kostaldeko hondartza gehiagotara zabaltzeko". Izan ere, proba pilotua izango da aurtengoa. Dagoeneko ari dira egokitzapen lanak egiten hondartzan. 

Zerbitzua noiztik nora eta zeinentzat

Hondartza denboraldi osoan emango dute zerbitzua, hau da, ekainaren 15etik irailaren 15era, 11:00etatik 19:00etara. Zerbitzua baliatu nahi duena telefono bidez jarri beharko da harremanetan (617 452 153 zenbakira deituz), taldeak aldez aurretik antolatu ahal izateko. Lan horretan Gurutze Gorriak lagunduko du.

Gainera, adinekoen egoitzetan edo etxe tutelatuetan bizi diren pertsona guztiek nahiz eguneko zentroak erabiltzen dituztenek, lehentasuna izango dute, eta garraio egokitua izango dute zentrotik hondartzarako joan-etorria egiteko.

Zerbitzua osatzeko behar diren laguntza teknikoak ere emango dituzte, hala nola gurpil aulkiak, makulu anfibioak, garabiak eta abar.

Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak aztertu du Gipuzkoako hondartzak egokiak diren bainu egokituaren programa gauzatzeko, eta prestakuntza emango die Hondartza Denontzat programan parte hartuko duten sorosle guztiei, baita Gurutze Gorriko kideei ere.

Berrikuntzak instalazioetan

Aldundiak emandako datuen arabera, Jasangarritasun Departamentuak 121.647 euroko inbertsioa egin du, Malkorbe hondartzako instalazioak hobetzeko. Zehazki, departamentu horrek "proiektu berritzailea" diseinatu du Malkorbe hondartzaren "ingurua fisikoki egokitzeko, irisgarritasun unibertsala bermatzeko eta hondartza ekipamendu inklusiboz hornitzeko".

Asensiok esan zuen ezinbesteko urratsa dela "aldagelak eta komun irisgarriak, itzalguneak dituzten plataformak eta pasabide egokituak jartzea hondartzaz gozatzeko esperientzia benetan guztientzat izango dela bermatzeko, eta bainua lagundua izatetik inklusiboa izatera igaro dadin". Bere esanetan, "proiektu honek argi erakusten du nola eraiki ditzakegun espazio publiko inklusiboagoak herritar guztientzat eta nola unibertsalizatu dezakegun zerbitzua".

Proiektuan aurreikusita dago mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuan "modulu irisgarri bat instalatzea, aldagela eta bainugela egokitu gisa funtzionatuko duena". Modulu horrek sare elektrikorako, edateko urerako eta saneamendurako konexioa izango du, eta Jasangarritasun Departamentuak kudeatutako garbiketa zerbitzu bat izango du.

Azkenik, erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko, egurrezko plataforma bat jarriko da, gutxi gorabehera 20 metro x 9 metrokoa, eta olana erretraktileko pergola bat izango du, 12 metro x 6 metrokoa, erabiltzaileei itzal egiteko. Mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuaren ondoan dagoen plataforma horrek bi dutxa irisgarri, mahaiak eta aulkiak izango ditu, eta pasabide egokituen bidez konektatuta egongo da. Pasabide horiek zurezko modulu finkoak eta pasabide malgu biribilgarriak konbinatzen dituzte, mareari egokitzen zaizkionak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide