Zumaiako Udalak abiatu ditu Herri Eskolako Aita Mari eraikineko lehen solairua eraberritu eta egungo beharretara egokitzeko lanal. 591.264 euroko aurrekontua izango dute obrek, eta udalak ohar bidez aurreratu duenez, helburua Haur Hezkuntzako haurrek erabiltzen zuten espazioa egungo diseinu-kanonetara egokitzea izango da.
Obrek ez dute gaur egungo barne antolaketa aldatuko, eta gela bakoitzean ikasgai espezifiko bat emango da. "Antolaketa horri esker, haurrak espazioan mugitzen dira, esplorazioa eta zirkulazio askea sustatuz, eta horrek ikaskuntza aktiboagoa eta integratuagoa egiten laguntzen du". Udalak azaldu du eraberritzearekin "espazio malguagoa eta funtzionalagoa" izango dela.
Lan hauen bidez eraikinaren fatxada "estradosatuko" dutela ere adierazi du udalak. Hala, eraikinaren isolamentu termikoa zein akustikoa hobetu, eta, energia eraginkortasuna handituko dela uste dute obren bultzatzaileek. "Instalazio elektrikoa ere erabat aldatuko da, eraikinaren energia-kontsumoa murrizteko".
Lan hauek guztiak, orain arte egindakoak zein etorkizunean egingo dituztenak, ildo estrategiko bati erantzuten diseinatu direla ere azaldu du udalak: "Zumaian 0 urtetik 18 urtera arteko kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko azpiegiturak egokitzen ari dira espazio berean, Aita Mari-Sagarbide espazioan, alegia".