Futbol zelaiko argiteria LED teknologiara aldatzen ari da udala egunotan. Kirol instalazioak hobetzeko planaren parte dira lanok, eta guztira, 55.520 euro erabiliko ditu udalak horiek gauzatzeko. Jakinarazi dute obra egin bitartean futbol zelaia itxita egongo dela 08:00etatik 17:30ak artean.
Egungo argiztapen sistema 2000. urtekoa da, eta "zaharkituta" geratu da dagoeneko udalaren ustez. Eguneratzearekin, argiztapen hobea edukitzeaz gain, energia-kontsumoa eta kostuak murriztu nahi dituzte.
Agintaldi honetan kirol instalazioetan egingo diren beste hobekuntza batzuk gogorarazi nahi izan ditu udalak, argiteriaren eguneratzeaz gain: futbol zelaiko harmailen konponketa, Aitzuri frontoiko bi aldagelen konponketak, Sagarbideko pilotalekuaren sarearen ezarpena, kiroldegiko pistako markagailu berriak...
2025eko aurrekontuak onartu ondoren, gainera, bestelako kirol instalazioetan ere hobekuntzak egin nahi dituzte, surf elkartean edota kiroldegiko igerilekuan, esaterako.