Musika eta Dantza Eskolaren ikasturte amaierako ekitaldiak izango dira aste honetan ere

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 8a, 11:00

Musika eta Dantza Eslolako konboek pasa den astean eman zuten emanaldiko une bat. (Juan Luis Romatet)

Dantzako, kantuko eta antzerkiko ikasleen txanda izango da aste honetan. Oikiako ikasleek ere parte hartuko dute.

Ikasturte amaierako ekitaldiekin jarraitzen du Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak. Maiatzean ekin zieten entzunaldi eta emanaldi hauei, eta datorren astean ere egingo dituzte herriko gune desberdinetan.

Hasteko, gaur bertan Arrasaten izango dira klarinete ikasleak Debabarreneko herri honetan egingo den klarinete topaketetan parte hartzen.

Astelehenean, hilaren 10ean, 17:30ean hasita, Oikiako ikasleen txanda izango da. Herrian bertan egingo dute emanaldia, Oikiako Eskolan.

Egun bat geroago, asteartean, dantza emanaldia izango da 19:00etatik aurrera, Zumaine Ikastetxeko aretoan.

Zumaienan baita ere, baina Baso magikoko domoan, kantuko ikasleen saioa izango da ekainaren 12an, asteazkenean, 19:00etan hasita. 

Asteko emanaldiekin amaitzeko, ostegunean, ekainaren 13an, antzerkiko ikasleen emanaldia izango da, 20:00etatik aurrera, Alondegiko Oxford aretoan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide