Helene Alberdi: "Aurten ez dut ikusten neure burua txapela irabazteko lehian"

Aritz Mutiozabal 2024ko eka. 7a, 16:00

Helene Alberdi. (Arnaitz Rubio Aprea)

Iragan astean Gasteizko Triatloian garaile izan ondoren, Zumaiako bizilagun Helene Alberdik (Bilbo, 1991) Zarauzko Triatloian hartuko du parte bihar. Duen onena ematera, baina presiorik gabe irtengo dela azaldu du.

2022an txapeldun izan zinen eta iaz txapeldunorde. Aurten, txapela berreskuratzeko asmoz hartuko al duzu irteera?

Egia esan, aurten ez dut ikusten neure burua txapela irabazteko lehian. Zarautzen irabaztea oso zaila da, eta bertan irabazi nahi baduzu, proba horretara egin behar duzula apustu. Nik Zarautzen parte hartu nahi dut eta ahal dudan guztia emango dut, baina nire aurtengo egutegia beste modu batera planteatu dut. Adibidez, joan den larunbatean Gasteizen jokatu nuen distantzia ertaineko triatloi bat, eta duela bi Espainiako Txapelketan izan nintzen. Beraz, nire egoeran onenean ere ez nator. Espero dut gertu ibiltzea, baina aurten atzera sailkatuko naizela uste dut.

Beraz, aipatu dituzun bi proba horietara bideratu al duzu aurtengo denboraldia?

Triatloi egutegian proba pila bat daude, eta ezinezkoa duzu guztietan punta-puntan aritzea. Orain arte Zarauzkoagatik egin dut apustu, eta oso arriskatua da; izan ere, ongi ateratzen bazaizu, merezi du, baina kontuan izan behar da egundoko maila dagoela, eta ez duzu irabazten, agian, atzean utzi dituzu Espainiako Txapelketa, Gasteizkoa eta abar. Hori horrela, aurten bestelako planteamendu bat egin dut, eta gustura nago, zeren Espainiako Txapelketan Europako Txapelketara sailkatzeko txartela lortu nuen eta Gasteizen ere estreinakoz irabazi nuen txapela.

Hori ikusita, nola ikusten zara Zarauzko Triatloiaren atarian?

Presio gutxiagorekin ikusten dut nire burua. Dena emango dut, noski, baina iruditzen zait gehiago gozatuko dudala probaz. Azken finean, garaipena lortzea helburu duzunean, aurreko egunak eta ez dira batere erosoak izaten, eta, alde horretatik, lasaiago noa.

Aurkariei dagokienez, azken urteetako irekiena izango da, ezta?

Nik uste dut beste urteetan baino lehiatuagoa izango dela. Azken urtetan beti egon da maila handiko lehia, baina bizpahiru triatleten artekoa izan da; horien atzetik jauzi benetan handia egoten zen. Aurten, bagaude antzeko maila dugun hamar bat emakume. Lasterketa ona eginez gero, podiumera igotzeko aukera izan dezakezu, baina indarrak ahitzen bazaizkizu, hamargarren gera zaitezke. Eta ez da lasterketa txarra osatu duzulako, baizik eta oso maila handia dagoelako.

Hamar horietatik nortzuk izan daitezke kontuan hartzekoak?

Judith Corachan katalana, birritan irabazi baitu Zarauzko txapela; duela bi aste Espainiako txapeldun izan den Laura Gomez; Stephanie Clutterbuck ingelesa; Sonia Bracegirdle alemaniarra... Baita nazioarteko beste pare bat ere. Lehia polita egongo da larunbatean, ikusgarritasun handikoa, nolanahi ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide