Aurten ere herriko merkatariei dirulaguntzak bideratuko dizkie udalak beren errotulu, toldo, itsasgarri edo bestelako euskarriak euskaraz jar ditzaten. Errotulazio elementuaren kostuaren % 50 lagunduko du diruz udalak, beti ere 300 euroko muga gainditzen ez badu.
Zenbait irizpide bete beharko dituzte merkatariek, ordea, dirulaguntza jaso ahal izateko. Helbide fiskala Zumaian izan beharko dute, zerga betebeharrak eguneratuta, eta toldo edo antzekoak ezartzeko kasuetan, udalaren baimena eskuratuta. Euskarriek, gainera, euskaraz eta zuzen idatzita egon beharko dute, eta argitu dute ez dituztela lagunduko errotulu elebidunak edo izen bereziak bakarrik dituzten errotuluak –kasu horretan, establezimenduaren jarduera euskaraz adieraztea hartuko da irizpidetzat–.
Eskatzaileek zenbait agiri aurkeztu beharko dituzte; hain zuzen, eskaera-orria beteta, euskaraz jarritako errotuluaren edo toldoaren aurtengo faktura eta ordaindu izanaren agiria, jarritako euskarriaren argazkia, eta hirugarrenen alta emateko agiria, banketxean sinatuta eta zigiluz jota (aurrez aurkeztu ez bada). Azaroaren 29a izango da eskaera egiteko azken eguna. Eskatzaileek Zumaiako Udalaren dirulaguntzen atalean aurkituko dituzte xehetasun guztiak.