Osakidetzaren kudeaketa "kaskarra" salatu eta osasun publikoa defendatzeko herri plataforma sortu dute Zumaian, eta plataforma hori aurkezteaz gain, gaiaren inguruko bilera irekia izango da datorren astelehenean, hilak 10.
Deitzaileek salatu dute EAG edo larrialdietako murrizketen ondorioz ez dela osasun publikoaren eskaintza bermatzen. Gogorarazi dute Zumaian sei medikutik bi izatera igaro direla, eta gainera, larrialdi kasuetan, Donostiako ospitalera jotzea dela artatzeko aukera bakarra.
Bilerara Aizarnazabalgo, Getariako eta Zestoako herritarrak ere gonbidatu dituzte, zumaiarrez gain. Datorren astelehenean anbulatorioaren parean elkarretaratzea egingo dute 12:00etan, eta gero, Alondegian elkartuko dira 18:00etan.