Europar parlamenturako hauteskundeak egin ziren atzo. 7.839 herritar zeuden deituta botoa ematera Zumaian. Goizeko 9:00etan hasi ziren gertaturatzen Aitzuri frontoian eta Alondegiko Oxford aretoan egokitutako hautetsontzietara. 20:00etan itxi zuten botoak emateko aukera, eta jasotako boto-paperak kontatzeari ekin zioten.
Aurreko hauteskundeetako bide bereari jarraituz, EH Bilduk jaso ditu boto gehien Zumaian. Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetara Orain Errepublikak koalizioaren aterpean aurkeztu da EH Bildu, eta 1.858 boto jaso ditu, herritarrek emandako botoen %43,92. Bozketa hauetan bigarren izan da EAJ, 1.090 botorekin. Alderdi jeltzalea CEUS edo Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioaren barruan aurkeztu da hauteskunde hauetara. PSOE izan da hirugarren alderdia Zumaian, 816 punturekin, PP laugarren 135 botorekin, Sumar bosgarren 89 botorekin, seigarren Podemos-IU 80 botorekin, eta VOX zazpigarren 41 botorekin.
Igo dena, eta asko, abstentzioa izan da: 16 puntu igo da duela bost urteko hauteskundeekin alderatuta; %30,56koa izan zen 2019an eta %46,27koa aurten. PSOEk, PPk eta VOXek botoetan gora egin dute, baina EH Bilduk eta EAJ behera. Lehenak 301 boto galdu ditu aurreko hauteskundeekin alderatuta, eta EAJ 721 boto.