Zumaia laugarren eta seigarren izan da Euskadiko traineru txapelketan

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 10a, 10:55

Laugarren izan zen Zumaia atzo Donostian.

Itsaso zakarrarekin jokatu zuten atzo Donostian Euskadiko traineru txapelketa. Zumaiak bi kategoriatan hartu zuen parte, emakumeetan eta beteranoetan, eta postu onak lortu zituzten amaieran.

Ikuskizun galanta jarraitzeko aukera izan zen atzo goizez Donostiako uretan. Euskadiko traineru txapelketa jokatu zuten goiz partean itsaso zakarrarekin, eta parte hartu zuten traineruek nahikoa lan izan zuten, olatuen gainean dantzan, ziabogarako eta helmugarako bidea aurkitzen. Atzoko baldintzekin, trebezia berezia erakutsi behar izan zuten patroiek. Nolako baldintzak, nolako denborak. Ohiko estropadetan izaten dituzten denboretatik urrun izan ziren atzo lehiatu ziren eskifaiak.

Emakumeetan, laugarren izan zen Zumaia, Arraun Lagunakek irabazitako txapelketan. Orioko bigarren izan zen, eta eskualdeko bi traineruen artean Donostiarra sailkatu zen.

Beteranoen estropada ere jokatu zuten atzo goizean Donostian, eta astebete lehenago Gipuzkoako traineru txapelketan gertatu bezala Orioko Badok 13 traineruak astindu zuen irabazlearen bandera. Kategoria berean, Zumaiako Beteranoak seigarren izan ziren.

Gizonetan, Getariak ezin izan zuen bere onena erakutsi, eta zortzigarren postuan sailkatu zen, irabazle izan zen Urdaibaitik hiru minutu baino gehiagora. Garbi erakusten du getariarren sailkapenak atzokoan itsasoan bizitako baldintza gogorrak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide