Garaipenetik hurbil izan da Frida Watkins Bilboko Iron Cup txapelketan

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 10a, 12:00

Frida Watkins finaleko une batean. (Eraman!)

Ostiralean jokatu zituzten Bilboko Deportivo pilotalekuan Iron Cup txapelketako finalak. Emakumeetan, Erika Mugartegik eta Frida Watkinsek hiru setetan galdu zuten finala. 

Azken asteotan Bilboko Deportivo frontoi historikoak hartu duen Iron Cup zesta punta txapelketako finalak jokatu zituzten ostiral arratsaldean. Zumaiako pilotari bat izan zen finalisten artean, emakumeen txapelaren bila atera zen Frida Watkins gaztea, hain zuzen. Erika Mugartegirekin osatu du bikotea txapelketa honetan, eta Elaia Gogenola eta Ihart Arakistainen aurka jokatu zuten finala. 

Gogenolak eta Arakistainek lortu zuten partidako lehen jokoa, 15-12 emaitzarekin. Mugartegi eta Watkins ez zeuden ezer oparitzeko, eta bigarren jokoa eskuratu zuten, 12-15 emaitzarekin. Azken jokoan, bost tantotarako joko laburrean, erabaki zen finala, eta hor finago aritu ziren Gogenola eta Arakistain: 5-1 emaitzarekin irabazi zuten jokoa, eta 2 eta 1 emaitzarekin finala eta, ondorioz, txapelketa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide