Espainiako XXVII. piraguismo txapelketa jokatu dute pasa berri den asteburuan, maratoi modalitatean. Galiziako Ourensen jokatu da txapelketa, eta bertan izan da Zumaiako Itxas Gain klubeko ordezkaritza.
Ostiralean, Irati Osak Short Race modalitatean parte hartu zuen. 3,6 kilometroko distantzia zuen proba honetan Europako txapelketarako atean geratu zen zumaiarra. Hirugarren izan zen, brontzezko domina eskuratu zuen, eta azken metroraino borrokan aritu zen postu hobea lortu nahian.
Larunbat goizean, jubenilak lehiatu ziren K1ean, 22,6 kilometroko ko proban. Bertan, Axier Aizpurua, Xabat Bergara, Josu Lazkano eta Andde de Antak parte hartu zuten, zortzigarren, hamairugarren, hogeitaseigarren eta hogeitazazpigarren postuak lortuz.
Hauen ondoren, senior eta 23 urtez azpiko emakumezkoen eta gizonezkoen txanda izan zen; hauek ordea 23 eta 26 kilometro zituzte egiteko. 23 urtez azpikoei dagokienez, emakumezkoen txapelketan, Eider Amundarainek, Polonian jokatuko den Europako txapelketako txartela lortu zuen, lehenengo postua eskuratuz txapelketan. Gizonezkoetan, berriz, Aimar Amundarain seigarren postuan helmugaratu zen, karrera bizkor batean. Seniorretan, aldiz, Irati Osa esprintean helmugaratu zen beste bi kideekin, hirugarren postua eskuratuz azkenean, eta nazioarteko sailkapenen ateetan geldituz.
Arratsaldean, kadeteek eta beteranoek jokatu zuten. Kadeteak 12 kilometroko proban aritu ziren; aldiz, beteranoak 16 kilometrokoan. Kadeteetan, gizonezkoen K2 modalitatean, Danel Cuadrado eta Josu Urbistondok 37. postuan helmugaratu ziren. K1 kategorian, emakumezkoetan, Ana Martinenak zilarrezko domina lortu zuen, Maddi Uzkudunek 15. postua, eta Izar Iruretagoiena 30. postuan helmugaratu zen. Gizonezkoetan, berriz, Oihan Irizar 23. postuan helmugaratu zen eta Julen Arakistainek 37. postua eskuratu zuen.
Beteranoean aldetik, hainbat domina eskuratu zituzten Zumaiako palistek. 35-39 urte arteko beteranoen kategorian, emakumezkoetan, Eukene Saezek bigarren postua eta, ondorioz, zilarrezko domina lortu zuen, eta gizonezkoetan Iñaki Fernandez zazpigarren postuan helmugaratu zen. 45-50 urte arteko emakume beteranoetan, Maite Etxabe lehenengo postuan helmugaratu zen, urrezko domina eskuratuz. Xabier Osak, berriz, bigarren postua eta zilarrezko domina lortu zuen, 55-59 urte arteko gizonezko beteranoetan.
Igande goizean, jubenil mutilek K2-ko proban parte hartu zuten. Bertan, Xabat Bergarak eta Axier Aizpuruak zortzigarren postua eskuratu zuten, 23 kilometro egin ondoren. Horren ondotik, senior K2ak atera ziren, 26 kilometroko distantzian. Bertan, K2 misto absoluto kategorian, Aimar eta Eider Amundarainek lehenengo postua eta urrezko domina eskuratu zuten. Emakumezkoetan, berriz, selektiboari dagokionez, Irati Osa zumaiarrak, Arantza Toledorekin Gaztela-Mantxakoarekin batera, Poloniako Europako txapelketarako txartela lortu zuten, lehenengo postuan helemugaratuz txapelketan.
Txapelketaren bilduma orokorran, Itxas-Gainek seigarren postua eskuratu zuen klubeko sailkapenean, eta emakumezkoen Iberdrola Ligan lehen lauen mantentzea lortu zuen ere.
Hurrengo erronkak hainbat abiadurako txapelketa prestatzea izango du Zumaiako piraguismo klubak, nazioarte mailako denboraldiari hasiera eman aurretik.