Urriaren 6an korrituko da Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren hamabosgarren edizioa. Pasa den ostiral arratsaldean zabaldu zuten udazkenean korrituko den probarako izen-ematea. Iazko lasterketak izandako arrakastaren ondoren, antolatzaileek susmoa bazuten jende ugarik emango zuela izena lehen orduetan, baina inolaz ere ez minutu gutxiko epean dortsal guztiak agortuko zirenik.
19:00etan zabaldu zuten izen-ematea Internet bidez, eta minutu gutxiko epean bete ziren lasterketa laburrerako lekuak, eta handik gutxira karrera luzekoak. Dortsalik lortu ez, eta, hala ere, lasterketan ateratzeko gogoz geratu ziren kirolariak itxaron zerrendan sartu ziren. Eguna amaitzerako zerrenda hori ia ehun lagunek osatzen zuten. Hala, ostiralean bertan itxi zituzten bi lasterketetarako itxaron zerrendak.
Ibilbide luzerako izena eman dutenek 23 kilometroko ibilbidea egin beharko dute urriaren 6an, eta proba motzerako eman dutenek izena, aldiz, 13 kilometroko lasterketa egingo dute.