Zuopa plataforma: "Zumaiako osasun zerbitzuko egoera katastrofikoa da"

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 11a, 12:00

Jendetza bildu zen Zuopa plataformaren aurkezpenean. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako Osasun Publikoaren Aldeko herri plataforma aurkeztu zuten atzo arratsaldez bete egin zen Alondegiko Oxford aretoan. 

Zumaiako osasun zentroak bizi duen egoerak kezka larria piztu du herritarren artean. Anbulatorioko langileek maiatzaren amaieran adierazi zutenez, bi sendagile –hiru gaur egun, mediku bat bajatik itzuli ondoren– daude Zumaian seiren lana egiten, eta 15:00etatik aurrera medikurik ez dago pazienteak artatzeko. Horrek Zumaiako bizilagunei bakarrik ez, Getariako, Aizarnazabalgo eta Zestoako herritarrei ere eragin die. Horren aurrean, mozioa onartu zuen Zumaiako maiatzeko udalbatzak. Aho batez onartu zen proposamen haren bidez, babesa eman nahi izan zitzaien osasun zentroko langileei; Zumaiako osasun zentroko egoera zuzentzea ere eskatzen zuen mozioak.

Herritarrak mobilizatu ditu Zumaia Gukak aurreratu zuen informazio hark, eta lehen pausoetako bat atzo arratsaldez Alondegiko Oxford aretoan aurkeztu zuten Zuopa (Zumaiako Osasun Publikoaren Alde) herri plataforma izan da. Eguerdian anbulatorio aurrean egindako elkarretaratzean gertatu bezala, arratsaldeko ekitaldira ere herritar ugari gerturatu zen, gaiak kezka bizia sortzen dienaren seinale. 

Ruth Salaberria medikuak eman zituen plataformaren inguruko azalpenak. Larrialdietako sendagilea dela esan zuen Salaberriak, baina kasu honetan herritar bezala hitz egiten zuela ere adierazi zuen. "Zumaiar gisa nago hemen, Zumaiako anbulatorioko erabiltzaile bezala". Azken asteotan osasun zentroan bizi duten egoera laburbildu zuen, eta egoera okerrera egiten ari dela ere esan zuen. Sendagilearen arabera, Zumaia Osakidetzarentzako "oso leku txarrean dago. Anbulantzia medikalizatua Elgoibartik dator, erreferentziazko ospitalea Donostia da, eta Zarauzko osasun zentroan ere ez dute jada jendea artatzen".

Etengabeko Arretako Guneen (EAG) egoera ere aipatu zuen. Bere esanetan, EAGak "ixten ari dira", eta Zarauzkoarekin antzera gertatuko dela uste du. "Ez dira ari medikuak kontratatzen. Lehen edozein patologiarekin joan zintezkeen, eta asteburuetan 24 ordutan zabalik zegoen. Orain ez dira patologia horiek dituzten jendea artatzen ari". Gaixo hauek Donostiako ospitalera joan beharrean aurkitzen direla ere esan zuen.

Donostiakoa da Zumaiako pazienteentzako erreferentziazko ospitalea. "Baina, 29 minutura dago. Mendaroko ospitalea 26 minutura dago, baina eskualde mailako zentroa da. Anbulantzi medikalizatua, berriz, Elgoibartik etortzen da eta 23 minutu behar ditu heltzeko. Bigarren aukera bat dago, Donostian, eta anbulantzia hau 31minutura heltzen da. Zumaian ikusten dugun anbulantzia honek bi teknikari ditu, baina medikurik ez". Zumaian bizi dugun osasun egoera "katastrofikoa" dela esan zuen Salaberriak.

Zuopa plataformako kidearen arabera, garai batean zortzi mediku izan zituen Zumaiako anbulatorioak; gaur egun, berriz, patologia larriak dituzten gaixoak ezin dira artatu Zumaian. "Bihotzeko bat baduzu, anbulantzia medikalizatuak zortzi minutura heldu beharko luke, baina 23 minutuko epean heltzen da. Osasun zentroan 15:00etatik aurrera ez dago sendagilerik, Zarauzko EAG itxi egingo dute eta Donostiako ospitalea 29 minutura". 

Horren guztiaren aurrean eta Osakidetza "desegiten" ari direla eta "modelo amerikar batera bideratzen" ari direla ondorioztatuta, herri plataforma hau sortu eta mobilizatzen hasteko beharra ikusi dutela ere esan zuen larrialdietako sendagileak. "Mugitu behar gara eta gure eskubideen aldeko borroka egin behar dugu". Aita Mariren bidea ere gogoratu zuen: "Herriak salbatu behar du herria".

Langileak hobeto banatu

Egun osasun zentroko sendagile diren Rosa Azkuek eta Juanjo Mujikak ere hartu zuten hitza saioan. Azkuek langile taldea hobeto banatzea eskatu zuen. "Zarautzen eta Donostian konpleto daude. Behar bada, anbulatorioetako lantaldea bete dadila %70ean, baina denetan eta ez batzuetan %100ean eta beste batzuetan %33an".

Bere esanetan, Medikuntzako ikasleen artean familia-mediku izatea ez dago ondo ikusita, "eta aurreko sendagileak jubilatzen direnean plazak ez dira betetzen".

Mujikaren arabera, eskubide desberdinek tupust egin izanak eraman du Zumaiako osasun zentroa gaur bizi duen egoerara. "Batetik, sendagile beraien eskubideak daude, baina eskubide nagusia Zumaiako herriarena izan behar du, sendagileenaren gainetik". Bestalde, herritarrei pazientzia izatea ere eskatu zien.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide