Iñigo Peña palista zumaiarrak bi Olinpiar jokotan parte hartzeko aukera eta ohorea izan du: 2016an Rio de Janeiron (Brasil) eta 2021ean Tokion (Japonian). Azken honetan, gainera, diploma olinpikoa eskuratu zuen. Bere ametsa aurten Parisen antolatuko dituzten jokoetan izatea zuen, baina, azken orduko aldaketarik ez bada, behintzat, ez da parte hartzaileen artean izango, pasa den maiatzean egindako aukeratze-estropadan hirugarren egin eta gero.
Orain, nazioarte mailako txapelketei ekingo die palista zumaiarrak. Hala, aste honetan bertan Hungariako Szeged hirian jokatuko den Europako txapelketan arituko da Peña. Ostegunetik igandera bitartean jokatuko ditu probak zumaiarrak.
Batetik, k-2 500 metrotan arituko da Carlos Garrote zamorarrarekin bikotea osatuta. Bestetik, k-4 1.000 metroan ere arituko da. Lauko ontzian Alex Graneri, Roi Rodriguez eta Pedro Vazquez izango ditu taldekideak. Maila onena erakustea eta, ahal dela, dominen borrokan sartzea izango du helburu zumaiarrak.
Nazioarte mailako denboraldiarekin jarraituta, hurrengo hitzordu garrantzitsua abuztuan izango du: Uzbekistanen jokatuko den Munduko txapelketa, alegia.