Euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalduko du aurki udalak. Lehen deialdia uztailaren 1etik abuztuaren 2ra artekoa izango da, eta urritik ekainera arteko ikastaroak lagunduko dituzte diruz. Bigarren deialdian laguntzak eskatzeko epea, berriz, irailaren 9tik urriaren 11ra bitartekoa izango da.
Helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrak izango dira dirulaguntza hauen onuradun, eta diruz lagunduko dira ohiko ikastaroak, trinkoak eta barnetegietakoak eta autoikaskuntza bidez egindakoak. Laguntza hauen eskaera egiteko ezinbestekoa izango da hainbat baldintza betetzea, hala nola Zumaian erroldatuta egotea, eta, gutxienez, %80ko asistentzia egiaztatzea. Baldintza horiek betez gero, langabeei, matrikularen balio osoa itzuliko zaie ikastaro guztietan. Gainerako ikasleei, gehienez, %75 ordainduko zaie.
Horrez gain, 2023/2024 ikasturtean HABEren mailaren bat ikasi eta maila hori gainditzen edo egiaztatzen duten ikasleek HABEk 2024. urtean egin duen dirulaguntzetarako deialdian hartu beharko dute parte. Izan ere, A1-A2-B1 edota B2 maila ikasi eta egiaztatu dutenei –azterketa bidez edo euskaltegian atalasearen gaineko B mailako proba gaindituta– HABEren laguntza dagokie hasiera batean, ez udalarena. Nolanahi ere, HABErena jasoko ez balute, bigarren deialdian udalarena eskatzeko aukera izango dute.
C1 maila ikasi eta gainditu dutenei dagokienez, HABEren aldetik 150 euro jasoko dituzte 1993 edo aurretik jaiotakoek, eta Zumaiako Udalaren dirulaguntza HABEk emandakoaren osagarria izango da. 1994an edo ondoren jaiotakoek, berriz, 700 eurorainoko laguntza jasoko dute HABEren aldetik, eta udalak ez die laguntzarik emango.
Amaitzeko, C2 maila ikasi eta gainditu dutenek, HABEtik 100 euro jasotzeko aukera izango dute, eta udalaren laguntza haren osagarri izango da. HABEren laguntzak azken bi ikasturteetako gastuak barne hartzen ditu, hori horrela izanik, iazko udalarena osatzeko aukera dute ikasleek, %100 jaso ez bazuten. Bigarren deialdia irailaren 5tik azaroaren 4ra bitartean izango da.
Eskaera egiteko aurkeztu beharreko dokumentazioa:
- Eskabidea beteta.
- Ikastaroa ordaindu izanaren egiaztagiria.
- Asistentzia % 80tik gorakoa izan dela ziurtatzen duen agiria, euskaltegiak edo ikasketa zentroak berak emana.
- Hirugarrenen alta emateko agiria (baldin eta aurrez aurkeztu ez bada edota aurreko kontua aldatu bada).
- HABEren dirulaguntzen 2024ko deialdian eskaera aurkeztu izanaren agiria (maila egiaztatu edo dagokion atalasea gainditu duten ikasleek bakarrik).
Udalak gehienez 600 euro ordainduko ditu urritik ekainerako ikastaroetan, eta gehienez 200 euro uztailetik irailera bitartekoetan. Deialdia osorik ikus daiteke udalaren dirulaguntzen atalean, eta, zalantzarik izan ezkero Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jar daiteke 943-86 50 25 zenbakira deituz edo euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera mezu bat bidaliz. Eskaerak udalatxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin daitezke, edota telematikoki, lotura honetan.