Hasi dituzte Flysch Trailera begirako emakumeen entrenamenduak

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 15a, 13:00

Pasa den larunbatea egin zuten lehen entrenamendu saioko parte-hartzaileak Lubaki parean. (Zumaia Flysch Trail)

Hamabi saioz osatuko da, pasa den larunbatean egin zuten lehenengoa, eta hilaren 23an egingo dute bigarrena. 

Urriaren 6an korrituko da 15. Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketa. Kirol proba honetara begira, aurten berriro ere emakumeei zuzendutako entrenamenduak antolatu ditu antolakuntzak. Saio hauek Indamendi mendi bazkunak prestatu ditu, eta guztira hamabi saio izango dira, sei lasterketa laburrean aritu direnentzako pentsatutakoak, eta beste seirak luzean arituko direnentzako.

Pasa den larunbatean egin zuten lehenengo saioa eta proba laburrean arituko direnak mahastietara joan ziren, eta luzekoak Elorriagarantza. Hurrengo saioa ekainaren 23an izango da, igandean: laburrekoak Elorriagara joango dira, eta luzekoak Arantzara. 

Korrikalariak goizeko 8:00etan bilduko dira Lubaki kiroldegi aurrean, eta distantziaren arabera, bide bat edo bestea hartuko dute. Entrenatzaileak Maite Egaña, Salva Millan, Johana Garcia, Edurne Martija, Igor Ostolaza, Josu Unanue, Xabier Egaña eta Jon Martin izango dira.

Antolatzaileek azaldu dutenez, antolatutakoak emakumeei bideratutako entrenamenduak badira ere, gizonek ere parte hartu ahal izango dute korrika saio hauetan.

Gainera, 4 prestakuntza-saiotan parte hartzen duten emakume guztien artean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasun Sailak 15 dortsal zozkatuko ditu Zumaia Flysch Trail 2024 lasterketarako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide