Motorren orroak entzungo dira asteburuan Alai auzoan

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 14a, 15:00

Azken urteotan bezala, motorzaleen topaleku izango da Zumaiako Alai auzunea datorren asteburuan. Izan ere, Urola Kosta Bikes elkarteak antolatuta, moto topaketa egingo dute han. 

Aurtengoarekin, hamar urte beteko dituzte topaketek. Hasiera batean, Alai auzoan antolatzen zituzten jaien bueltan egiten zuten motorzaleen festa. Urteak dira auzune horretan festak antolatzen ez dituztela, baina moto topaketak antolatzen jarraitu dute urtetik urtera. Bertara, eskualdeko zein bailaratik kanpoko motorzaleak joan ohi dira, lagunekin edota zaletasun bera duten pertsonekin eguna jai giroan pasatzera.

Bihar egingo dute aurtengo topaketa, eta ohi duten bezala, Aitzuri pilotalekuaren parean jarri dute biltzeko hitzordua, 09:30ean. Izena eman dutenei kamiseta bana emango diete antolatzaileek. 11:00etan, moto irteera egingo dute, eta bi gurpilen gainean eskualdeko errepideetan barrena ibiliko dira; 12:00etan, Alai auzora itzuliko dira. 13:00etan, talde argazkia aterako dute, eta 14:30ean, bazkaria izango dute Santiago auzoko Talaia jatetxean. 

17:00etan itzuliko dira berriro Alai auzunera, eta behin han direla, zaldi simulazioa eta moto GP erakustaldia izango dituzte. Eguna amaitzeko, 20:00etan, zozketak egingo dituzte.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide