Bihar hasiko da udako TAO aldia

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 14a, 17:00

Bertakoen txartela beharko da haientzako gordetako lekuetan aparkatzeko. (Juan Luis Romatet)

Hondartza denboraldiarekin batera hasi da eta hiru hilabetetez egongo da indarrean, irailaren 15era arte. 

Indarrean sartuko da bihar TAO aparkaleku sistemaren udako aldia. Irailaren 15era arte erregulatuko ditu araudiak herriko aparkaleku guneak. Epealdi honetan, bertakoei gordetako guneetan autoa uzteko ezinbestekoa izango da bertakoen txartela izatea.

Errotazio altuko eta egonaldi ertaineko guneei dagokionez, Txomin Agirre kaiko, Amaiako plazako eta Alai auzoan, Izustarri kaleko guneetan gehienez hiru orduz aparkatu ahal izango dute autoak; Axular ibiltokiko, Lubaki ondoko eta GKN pareko guneetan, berriz, hamar orduz aparkatu ahal izango da. Gune hauek astelehenetik igandera erregulatuta egongo dira, egunero 10:00etatik 20:00etara. 20:00etatik 10:00etara, berriz, doan aparkatu ahal izango da leku horietan.

Osasun zentro aurreko aparkalekua, berriz, astelehenetik ostiralera egongo da erregulatuta, 08:00etatik 17:00etara. Ordu horretatik aurrera doan egongo da, baita larunbat, igande eta jaiegunetan ere.

Azken urteotan bezala, Sarauneko zabalgunean eta Estazioko industriagunean aparkatzea doan izango da. Handik oinez joan daiteke erdigunera edo, Sarauneko kasuan, txalupa bidez zeharkatu ibaia.

Txalupa zerbitzua ere martxan

Abian jarriko den beste zerbitzua Urolaren itsasadarrean ariko den txalupa zerbitzua da. Ontzi honek moila, Sarauneko zabalgunea eta Santiago hondartze lotuko ditu. Ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean izango da martxan, eta goizeko 11:10ean egingo ditu egunero lehen bidaiak. Azkena, berriz, 20:20an.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide