Motozaleek Alai auzunean bat egin dute

Maria Maya Manterola 2024ko eka. 15a, 17:00

Motozaleen topaleku bihurtu dute beste urte batez Alai auzunea. Urola Kosta Bikes taldeak antolatzen duen hamargarren topaketa da aurtengoa, eta jarduera ugari egin dituzte goizean goizetik dozenaka motozalek. 

Beste urte batez, Alai auzunean elkartu dira Zumaiako eta inguruko herrietatik gerturatutako dozenaka motozale. Izan ere, gaur da urtero egiten duten motozaleen topaketa, eta goizean goizetik hasita, jarduera ugari antolatu ditu Urola Kosta Bikes taldeak beren afizioarekin bat egiten duten guztientzat. 

Aitzuri pilotalekuaren parean jarri dute biltzeko hitzordua, 09:30ean. Izena eman dutenei kamiseta bana eman diete antolatzaileek. 11:00etan, moto irteera egin dute, eta bi gurpilen gainean eskualdeko errepideetan barrena ibili dira; 12:00etan, Alai auzora itzuli dira. Bazkaria izan dute gero Santiago auzoko Talaia jatetxean. 

Arratsaldean, Alai auzunean jarraituko du festak: zaldi simulazioa eta moto GP erakustaldia izango dituzte. Eguna amaitzeko, 20:00etan, zozketak egingo dituzte.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide