Brontzezko domina eskuratu du Iñigo Peñak Europako piraguismo txapelketan

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 17a, 12:05

Iñigo Peña, ontzia osatu duten beste hiru kideekin, Europako txapelketako podiumean. (@RFEPiraguismo)

K4 1.000 metroko proban lortu du Peñak domina. K2 500 metroko proban ere aritu da, eta finalerdietan kanporatu zuten.

Pasa den astean jokatu da Hungariako Szeged hirian Europako piraguismo txapelketan, sprint modalitatean. Iñigo Peña palista zumaiarra bertan izan da, bi probatan parte hartzen: K2 500 metroan eta K4 1.000 metroan.

Bikoan, Carlos Garroterekin osatu du ontzia zumaiarrak. Finalerdietarako sailkatze estropadan aurrera egin zuen bikoak, baina finalaurrekoan kanporatuak izan ziren. 

Lauko ontzia, berriz, Alex Graneri, Roi Rodriguez, Pedro Vazquez eta Iñigo Peñak osatu dute. Ostiraleko sailkatze estropadan bigarren izan ziren eta zuzenean lortu zuten finalerako txartela. Igande arratsaldean jokatu zuten finala, eta hirugarren postuan amaitu zuten, txapelketa irabazi zuten bieloerrusiarren eta bigarren egin zuten hungariarren atzetik. Ondorioz, brontzezko domina lortuta itzuli da Peña Hungariatik.

Nazioarteko hurrengo hitzordua abuztuan izango du, Uzbekistanen jokatuko den Munduko txapelketa, hain zuzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide