Eduki babestua

Bazkide berri bila dabil Inda Mendi elkarte gastronomikoa

Erredakzioa 2024ko eka. 18a, 17:04

Baldintza onuragarriak eskaintzen ditu ekainaren 30a arte. Hala, bazkide izateko ordaindu beharreko prezioa 1.700 eurokoa da, baina, lehen hamar pertsonek 1.000 eurotan egiteko aukera izango dute.

Inda Mendi elkarte gastronomikoa bazkide berri bila dabil, eta horretarako, baldintza onuragarriak eskaintzen ditu ekainaren 30a arte. Hala, bazkide izateko ordaindu beharreko prezioa 1.700 eurokoa da, baina, lehen hamar pertsonek 1.000 eurotan egiteko aukera izango dute. Izan ere, bazkide berriak eskaera dataren arabera sartuko dira; hau da, izena emandako dataren hurrenkeran sartuko dira bazkide berri gisa.

Bazkide berriek, gainera, erlazio familiarra duten beste pertsona bat sartzeko aukera izango dute, bazkide onuragarri gisa. Bazkide onuragarri horiek elkartea erabiltzeko aukera dute, hileroko kuota (31 euro) ordaindu gabe.

Inda Mendi elkarte gastronomikoa Larretxo kaleko 5 zenbakian dago kokatuta, eta egoera onean aurkitzen da. Zumaiako elkarterik handiena da; bi solairu eta otorduetarako 15 mahai ditu. Hiru labeko sukalde industriala du, eta ikatzarekin kozinatzeko hiru parrilla.

“Aipagarria da azken hilabeteetan elkartearen erabilerak izan duen igoera, gazte asko sartu baita. Gaur egungo erabilera altu horrek pandemia aurreko garaietan izandako erabilera gainditu du”, azaldu dute arduradunek.

Interesatuek mezua bidali beharko dute indamendiberria@gmail.com posta elektronikora edo 943-14 31 04 Whatsapp zenbakira. Eskaintza berezia ekainaren 30a arte izango dela indarrean gogoratu dute Inda Mendiko kideek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide