Angularen arrantza profesionala arautzeko dekretua onartu dute

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 18a, 17:30

Dekretua onartu duen Eusko Jaurlaritzak harrapaketa kuotak ezarriko ditu eta Angulako Arrantzale Profesionalen Erregistroa ere sortuko du. Gehienera jota, 150 lizentzia banatuko dituela ere azaldu du.

Angularen arrantza profesionala arautuko duen dekretua onartu berri du Eusko Jaurlaritzak. Hala, Jaurlaritzak azaldu duenez, dekretu honi esker angularen harrapaketa mugatua eta kontrolatua izango da, eta arrantza monitorizatu eta ebaluatuko dute. Eskualdean, Oriaren eta Urolaren arroetan arrantzatu ahal izango dituzte.

Angulak harrapatzeko lizentzia profesionala beharko dute jarduera horretan aritzen diren arrantzaleek. Gehienez, 150 lizentzia emango dituztela ere informatu du: 138 lehorreko modalitatean eta 12 itsasontziko modalitatean. Lizentziek arrantza denboraldi baterako balioko dutela gaineratu du exekutiboak. 

Angularen Arrantzaleen Erregistro Profesionala sortzeko asmoa ere azaldu du Jaurlaritzak. Bertan, adierazi dutenez, denboraldi bakoitzean emandako lizentzia guztiak, titularren identitatea, itsasontzien datuak eta arrantzatuko den arroak jasoko dira.

Angularen arrantza denboraldia urtero zehaztuko dute, irizpide zientifikoak eta teknikoak aintzat hartuta. Kantauri isurialdeko gainerako autonomia erkidegoekin koordinatuko direla ere gaineratu dute. Horrez gain, harrapaketa kuotak ezarriko dituzte eta kopuru hori eguneratu ahal izango da aldian zehar.

Duela urtebete arte angularen arrantza baimenduta zegoen, baina ibaietan zeuden aingiren egoerari so eginez, aisialdiko angula arrantza debekatu egin zuten.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide