Ate joka dira San Pedro jaiak

Maria Maya Manterola 2024ko eka. 19a, 13:30

Iazko sanpedrotako danborrada. (Arnaitz Rubio Aprea)

Hilaren 28tik 30era, datorren asteko ostiraletik igandera bitartean murgilduko da Zumaia sanpedroetan. Aurten, gainera, oholtza jarriko dute moilan, eta Gozategi taldeak kontzertua eskainiko du larunbatean. 

Ate joka dira 2024ko San Pedro jaiak. Aurtengoan, ekainaren 28tik 30era bitartean ospatuko dira uda hasierako festak Zumaian, eta udalak dagoeneko iragarri du herriko elkarte eta eragileekin batera antolatutako programazioa. 

Hilaren 28an, ostirala, 18:00etan hasiko dira jaiak herriko kultur eta kirol eragileetako ordezkariek jaurtiko duten txupinarekin, eta gero, erraldoien eta buruhandien kalejirak hartuko ditu Alde Zaharreko kaleak. Igande iluntzera bitarte, kirol jarduerak, kontzertuak, azoka nahiz haurrentzako diskofesta izango dira, besteak beste, herrian. 

Aurten, gainera, udalak iragarri du oholtza jarriko dutela moilan, eta Gozategi talde oriotarrak emanaldia eskainiko duela bertan larunbat iluntzean, San Pedro egunean. Hain zuzen, su artifizialen ikuskizunaren ondoren izango da kontzertua. 

Programazioa iragartzearekin batera, udalak eskerrak eman nahi izan dizkie ekitaldiak antolatzen laguntzen aritu diren elkarte eta eragileei, eta bide batez, festak guztientzako espazio atsegin eta seguruak izan daitezen, eraso eta jarrera matxisten aurkako jarrera hartzera deitu ditu herritarrak. Horrekin batera, kontsumo arduratsurako deia egin die herritar guztiei. 

Hona hemen sanpedroetako egitaraua, egunez egun:

Ekainak 28, ostirala

  • 18:00etan, Udaletxe aurrean Txupinazoa eta jaien hasiera.
  • Erraldoi eta Buruhandienkalejira Tolosako Dultzaineroek lagunduta.
  • 18:00etan, Joselontxos txarangaren kalejira.
  • 18:00etan, Odietan Herri mailako esku pilota txapelketako finala.
  • 18:45ean, Sagarbidetik sanpedroetako danborradaren irteera.
  • 19:30ean, Aitzuri pilotalekuan San Pedro zesta punta txapelketako finalak.
  • 20:00etan, Udaletxean herriko bandera jasotzea.
  • 22:00etan, Amaia plazan diskofesta.
  • 22:30etan, Eusebio Gurrutxaga plazan kontzertua: Puro Relajo.

Ekainak 29, larunbata: San Pedro eguna

  • 09:00etan, Tolosako dultzaineroekin goiz soinua.
  • 11:00etan, Prozesioa eta ondoren meza nagusia San Pedro abesbatzak abestua.
  • 11:00-13:00, Torreberrin haurrentzat jolasak eta tailerrak.
  • 11:30etan, Tolosako dultzaineroak kalejiran.
  • 12:30ean, Eusebio Gurrutxaga plazan hasita Jainekin txarangaren kalejira.
  • 13:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazan ZUMB Musika Bandaren kontzertua.
  • 18:00etan, Amaia plazan haur antzerkia Eidaberen Gora Bihotzak.
  • 18:30ean, Eusebio Gurrutxaga plazan herri kirolak.
  • 18:30ean, Erriberan hasita Jainekin txarangaren kalejira.
  • 19:00etan, Tolosako dultzaineroak kalejiran.
  • 20:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazan Zumaiako Musika Bandarekin dantzaldia.
  • 21:30ean, Moilan kontzertua: Sukena.
  • 23:00etan, Su artifizialak Vulcano piroteknia etxearen eskutik.
  • Jarraian, Moilan kontzertua: Gozategi.

Ekainak 30, igandea

  • 11:00-14:00 + 17:00-20:00, Eusebio Gurrutxaga plazan Artisau azoka.
  • 11:30ean, Zumaiako VII. Ikurrina ETE estropada eta Zumaiako XXXIX. Ikurrina KAE1 estropada.
  • 12:30ean, Amaia plazan hasita Buztintxuriko erraldoien kalejira.
  • 17:00etan, Torreberrin hondarrezko eskultura tailerra.
  • 19:00etan, Aitzuri pilotalekuan Erremontari Herriz Herri erremonte jaialdia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide