Maite Urteaga: "Asko gozatzen dut bizikletan; aldaketa oso ona izan da"

Gorka Eizagirre | Maria Maya Manterola 2024ko eka. 20a, 13:00

Lesio baten ondorioz hasi da txirrindularitzako lasterketetan parte hartzen Maite Urteaga (Zumaia, 2000). Gipuzkoako erlojupekoa irabazi berri du.

Udazkenean hasi zinen lasterketetan parte hartzen, eta Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketa irabazi berri duzu.   

Ezustekoa izan da; ez nuen espero lortuko nuenik, baina gustura nago.   

Espainiako Txapelketa jokatuko duzu asteburu honetan.   

Bai, hori da. Joan den astean izan zen Gipuzkoakoa, Aizarnazabalen, kronoeskalada motakoa. Asteburu honetakoa lineako Espainiako Txapelketa da. Lasterketa 120 kilometrokoa da, eta irabazten duena Espainiako txapeldun izango da. Madrilen izango naiz lehiatzen.  

Horrelako proba batean parte hartzen duzun lehenbiziko aldia izango da, ezta?  

Bai. Aurtengo denboraldian Euskal Herriko txapelketetan parte hartu dut, eta Espainiako Kopan ere bai. Baina gu baino maila hobea duten txirrindulariek ez dute parte hartzen lasterketa horietan.  

Lesio baten ondorioz hasi zara Eulen Elite taldean, denboraldi honetan.   

Bai. Duela urte batzuk lotailu gurutzatua eta meniskoa hautsi nintuen, eta ebakuntza egin zidaten. Gustura aritzen nintzen mendian korrika, baina ezin izaten nion denboraldi osoari eutsi. Bizikletan, berriz, ez nuen minik sentitzen, eta eguraldi onarekin, ordu asko sartu nituen. Gehiago gozatzen nuen; aldaketa oso ona izan zen.   

Zein izan da honaino heltzeko sekretua?   

Egiten dudana gustatzea, hasteko. Asko entrenatzea da gakoa. Gogoarekin egin behar da.   

Mendi lasterketetan bakarrik ez, triatloian ere ibilia zara.  

Bai, baina igeriketa ez zait gehiegi gustatzen... Lasterka aritzea eta txirrindularitza ditut gustukoenak. Hala ere, oraindik federatuta jarraitzen dut triatloian eta mendian.   

Nondik datorkizu kirolerako zaletasuna?  

Asko bultzatu gaituzte zaletasun hori izatera etxean, txikitatik. Txikitan eskubaloian ibiltzen nintzen. Gero, 18 urte inguru nituela, aita korrika aritzen zela dut gogoan. Paolaldera eta joaten zen, eta animatu egiten ninduen berarekin joatera. Poliki-poliki joaten ginen. Halako batean Elorriaga aldera ere joan ginen, eta gustatu egin zitzaidan. Orduan hasi nintzen nire kasa mendian, erlojuarekin eta denborak hartzen.   

Zer ematen dizu mendiak, eta zer txirrindularitzak?  

Biek lasaitasuna. Egunerokotasunean dauzkadan arazoak eta kezkak bi gurpilen gainean jartzean edo zapatilak janzterakoan desagertzen zaizkit. Desberdinak dira bi kirolak: agresiboagoa da korrika egitea. Nik, behintzat, askoz sarriago min hartzen dut lasterka aritzen naizenean. Denbora tarte gutxiagoan gehiago exijitzen du korrika aritzeak, eta, egia esan, beste gozamen puntu bat eragiten du. Bizikletan, berriz, egun batean Gipuzkoa osoa zeharka dezakezu. Nik geografia oso gutxi nekien duela gutxi arte, eta orain Gipuzkoako herri txiki denak ari naiz ezagutzen... Bizikletan ibiltzeak denbora gehiago eskatzen du, baina gehiago ematen du kirol eremuan eta pertsonalki.   

Nola ezagutu zenuen Eulen Elite taldea?  

Min hartu nuenean, bizikletan ibiltzen hasi nintzen goizetan. Errepidean Donostiako jubilatuen talde bat ezagutu nuen. Erritmo azkarrean aritzen ziren bizikletan, eta haiekin ibiltzen hasi nintzen. Lagunak egin ginen. Asteartero eta ostegunero Donostiatik Zumaiara etortzen ziren, eta buelta egiten zuten; ni Zumaian batzen nintzaien. Haietako asko gaztetan profesionalak izandakoak ziren, txirrindularitza mundukoak. Batek esaten zidan lasterketaren bat edo beste probatu beharko nukeela. Hark eman zion nire kontaktua Eulen Elite taldeko bati. Hala, larunbat batean geratu ginen Azkoititik hasi eta Gorla igotzeko; lehenengoa eta bakarrik heldu nintzen gora.  

Lortu duzu entrenatzeko denbora ateratzea.   

Triatloia eta mendi lasterketak alde batera utzi ditut, hirurak uztartzea zaila zitzaidalako, baina uste dut erabaki zuzena hartu dudala. Gogoa badaukat triatloian eta mendian lehiatzeko, baina kirol bakoitzak denboraldi desberdinak izan ohi ditu urtean zehar. Hiru kiroletan ezin da aritu denak emanda, baina bat bukatzean bestea praktikatzen hasi naiteke erritmo baxuagoan, gozatzen. 

Kirol munduan, eta Zumaian batik bat, giro oso ona dago. Jendeak zaletasuna du mendian ibiltzeko.   

Irailera arte luzatuko da txirrindularitza denboraldia. Non ibiliko zara gero?  

Abuztura arte, behintzat, txirrindularitzan. Horrez gain, Flysch Trailean aterako naiz urrian, lasterketa motzean, nire gorputza ez dagoelako luzeari eusteko moduan. Entrenamenduak behar ditut, eta ez daukat horretarako denborarik. Irailaren erdialdeko Zumaiako Triatloian parte hartzeko asmoa ere badaukat.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide