Asteburu honetan hasiko da traineru denboraldia eskualdeko traineru gehienentzat: ETE eta KAE1 ligetan ariko dira, izan ere, Zarauzko eta Zumaiako gizon nahiz emakumeen taldeak, eta aurten, baita Orio B taldea ere, iaz KAE2tik KAE1era igotzeko txartela lortu ondoren.
Emakumeak izango dira estropadak jokatzen aurrenak, larunbatean baitute hitzordua ETE ligakoek, Astilleron (Kantabria, Espainia). 16:45ean hasiko dira lehian; banakako erlojupekoa izango da –kale bat, hiru luze–.
Igandean, berriz, KAE1 liga abiatuko dute: 12:25ean izango dira estropadak, Pasai Donibanen (Gipuzkoa). ETE ligakoek bezala, horiek ere banakako erlojupekoarekin hasiko dute liga, eta lau luze egingo dituzte.
Astebete geroago, hilaren 29-30eko asteburuan, jokatuko dituzte lehen norgehiagokak Eusko Label eta Euskotren ligetan; Orioko bi traineruak eta Getaria lehiatuko dira aurten horietan. Ohi bezala, Galizian hasiko dira bi liga horiek.