Osasungintza publikoaren aldeko gaurko manifestazioarekin bat egingo du udalak

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 21a, 13:56

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, osasun zentrotik abiatuta egingo den manifestazioarekin bat egin du udalak. Jaurlaritzatik jasotako erantzunaren berri ere eman du.

Osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa egingo da gaur arratsaldean Zumaian. Herriko osasun zentroaren parean elkartuko dira herritarrak, eta handik abiatuko dira herriko kaleetan zehar. Ekintza deitu duen Zuopa plataformak martxa zaratatsua izatea nahi du, eta herritarrei soinua ateratzeko edozein tresneria eramatea eskatu du.

Manifestazio honekin bat egin du Zumaiako Udalak. "Azken osoko bilkuran aho batez onartu zen mozioak lehen puntuan zioena jarraituz, Zumaiako Udalak gaur arratsaldean egingo den mobilizazioa babesten du, herritarrei bertaratzeko dei eginez, egoera konpontzeko beharrezko urratsak iritsi arte". Ekaineko udalbatzan Zarauzko Etengabeko Arreta Gunearen (EAG/PAC) inguruko mozio bat aztertuko dutela ere iragarri du.

Jaurlaritzaren gutuna

Maiatzeko plenoan eskatu bezala, eskaera idatzia egin zion udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari. Eskaera horren erantzuna gutun bidez jaso dute. Udalaren web orrian zintzilikatu duten gutunean, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak dio Zumaiako osasun zentroan bizi duten egoeraren atzean egiturazko arazo bat dagoela batetik, eta koiunturala besteik. "Egiturazko arazo bat dago, hainbat espezialitatetan medikuntzako profesionalen falta dagoelako, hala nola lehen mailako arretarako familiako eta komunitateko medikuntzan". Arazo hori Zumaian bakarrik ez, EAEn eta beste erkidegotan errepikatzen da Sagarduiren arabera.

Sailburuak gutunean dioenez, Espainiako Gobernuak ez du aurreikusi "gaur egun erretiroa hartzen ari direnen lanpostuak betetzeko beharko liratekeen profesionalen kopurua, eta ez dira garaiz gehitu unibertsitateko prestakuntza-plazak eta BAME espezializazio-plazak. Egoera hori zuzendu da, baina ez da eraginik sumatuko urte batzuk igaro arte".  

Bigarren arrazoia, Jaurlaritzaren arabera, koiunturala da: lehen arretako profesionalak beraien destinoak aukeratzen ari dira eta Osakidetzaren plantilaren egonkortze prozesua amaitu arte ezingo da plangintzarik egin EAE osoan. Zumaiari dagokionez, gutunean irakurri daitekeenez, egoera hau planteatzen du Osasun Sailak: "familia medikuen sei kupoetatik hiru daude beteta, hasi berria baita lehen mailako arretako unitateburua; lanpostu bat hutsik dago titularra senide bat zaintzeko baimena hartuta dagoelako, eta irailean hasiko dela aurreikusten da; eta bi lanpostu huts daude norbaitek eskaintza bete zain".

Behin gutuna jasota, udal ordezkariak Zumaiako osasun zentroko buruarekin bildu ziren. Udalak zabaldu duenez, "hura ez dator bat gutunean esaten denarekin. Izan ere, Zumaian lau lanpostu plaza huts ("bakante") daude, eta horiek Osakidetzako EPEan barneratu ezean egoera ez dela konponduko aurreikusten dute". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide